Ez da aurreneko aldia EAEko fiskal nagusi Kalparsorok horrelako ekinaldi bat abiatzen duena. Oraingoan, gainera, ematen duenez, inoren salaketarik jaso gabe, alegia, bere kabuz abiatu du larunbatean Andoainen alkatea aukeratzeko bilkuran zer gertatu zen ikertzeko ahalegina.
Orain artekoetan, dena auzitara eramateko estrategia ondo neurtua (eta askotan arrakastatsua) daukaten erakundeek jarritako salaketen ondoren eta ondorioz hasi izan da ikertzen Kalparsoro salatutako delitua. Behin norbaitek salaketa jarrita, bi aukera dauzka fiskalak salaketaren testua irakurrita: berehala baztertzea eta ez onartzea ezta tramiterako ere, edo ikerketa abiatzea, delitu aztarnaren bat egon daitekeelakoan. Bigarren aukeran, ikerketak aurrera eginda erabakiko du artxibatzea edo instrukzio epaitegira pasatzea.
Baina, dirudienez, orain Kalpasoro fiskalak bere kabuz erabaki du ikerketa hastea. Andoainen larunbatean gertatutakoak, eta hori jakin beharko luke Kalpasorok, politikarekin dauka zerikusia, eta ez zigor kodearekin. Andoaingo EAJko kideek ez zuten alkategai sozialista Maider Lainez jarri nahi udaleko aulki nagusian, hauteskundeak EH Bilduko Ana Karrerek irabazi zituelako, eta ez zitzaielako oso egokia iruditzen alkate abertzale bat kentzea PSE-EEko bat jartzeko; gainera, hauteskundeak irabazi gabe. Aurreko egunetan jakin genuen (beste konturik ez zegoen komunikabideetan) EAJ-PSE-EE itunak zuloa eduki zezakeela Andoainen, eta zaila izango zela itun hori Andoinen betetzea, bertako jelkideek ez zutelako nahi.
Nondik atera ditu Kalparsoro fiskalak ikerketa idazkian aipatzen dituen harribitxi horiek? Ohartu ote da Kalparsoro 2015ean gaudela, eta Fungairiño bezalako fiskalen garaiak pasatu zirela?
Aurki bukatuko zaio Kalparsorori Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskalburua izateko agintaldia; azaroan aukeratuko baitute hurrengo urteotarako fiskalburua. Kalparsoro bera berraukera dezakete, edo beste bat. Itxura guztien arabera, Kalparsoro hasia da fiskalburua aukeratuko duen sektore kontserbadorearen aurrean fitxa mugitzen, bere aldeko kanpainako lehen ekitaldiarekin; hau da, Andoainen gertatutakoaren gaineko ikerketarekin.