Analisia. Mikel P. Ansa: Aginduak edo gomendioak, eta berrikuntzak

2013ko irailaren 8a
12:09
Entzun

Ertzaintzak joan den ostiralean zehaztu zituen gaur Hondarribian "bete behar ziren baldintzak". Bi alarde aldi berean leku berean egitea ezinezko denez, ordutegiak moldatu zizkien batzuei eta besteei, Jaizkibelenak aurreratuz, eta alarde tradizionalarenak atzeratuz.

Baina hori baino garrantzitsuago, Ertzaintzak, lehen aldiz, bi aldeei jarri zizkien "bete behar ziren baldintzak": pankartarik ez eramateko eta manifestazio itxurarik ez emateko esan zien Jaizkibelekoei; plastiko beltzak, karetak eta halakoak ez ateratzeko, alarde tradizionalekoei.

Eztabaida izan genuen erredakzioan, Ertzaintzaren ebazpena agindu bat ote zen, gomendio bat, eskakizun bat... Ertzaintzak erabilitako testua halaxekoa zen: batzuei zein besteei idatzi zien "saiatu behar dute" esaka. Jaizkibelekoek bete dute agindua, gomendioa, eskakizuna, edo dena delakoa. Alarde tradizionalekoek ez erabat; aurpegia estali gabe egon dira gehienak, baina plastiko beltzaren atzean jarrita halere.

Ertzaintzaren ostiraleko ebazpena gomendio edo eskakizun gisa hartuz gero, bistan da, isunik ez lukete ez batzuek, ez besteek. Ebazpena agindu bat balitz, orduan bai, agindua bete ez duenari isunak jartzeko aukera legoke. Hala egin ohi du Ertzaintzak: manifestazio baterako baldintzak jartzen dituenean —lelo batzuk ezin direla oihukatu adierazten duenean esaterako—, baldintza horiek betetzen ez dituztenen aurka ekiten du, bertan oldartuz, edo, ondoren, isunak jarriz.

Agindu, gomendio, eskakizun, edo dena delakoa izanda ere, alarde tradizionaleko zaleek egokitzeko gaitasun gutxiago agertu dute. Bereari eutsi diote askok eta askok. Urte askoan ereindako gatazakaren emaitza izango da —oihu sutsuenak egiten ari ziren neska gazteak, seguru aski, Jaizkibel desfilatzen hasi zen garaitsuan jaiotakoak ziren—, eta ez da erraza izango urte batetik bestera aldatzea.

Baina ezberdintasunak eta ñabardurak izan dira aurten —ez da entzun da emakumeen aurkako irainik, esaterako—, eta bada aldaketa esanguratsu bat: Ertzaintzako eta Segurtasun Saileko buruek lekuan bertatik jarraitu dute alardea. Ostiraleko ebazpena ere aintzat hartzen bada, zerbait aldatzen ari den seinale.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.