Kazetaritza fikzioa nekez saihestuko da kaleratu ez den ebazpen baten inguruan arituz gero, baina demagun, fiskalak eskatu duen moduan, Eroski eta BBVAren aurka egin den epaiketaren emaitzak Eroski errugabetzen duela eta BBVA zigortzen duela bihar. Batetik, Eroskiren ekarpenak erosi zituzten 68 bezerori euren dirua itzuliko zaiela ondorioztatu genezake aukera hori oinarri hartuta. Hau da, Mondragon taldeko kooperatibarik handienak jaulki zituen ekarpenengatik egindako lehenengo demanda kolektiboaren emaitza ez litzateke Eroskiren aurkakoa, baina ezta aldekoa ere, aldekoa izatea Eroski egoki aritu zela ulertzen bada. CNMVk bere garaian esan zuena esango luke, ez besterik, produktua legezkoa zela, eta horregatik saldu zutela bankuek. Legezkoa bai, egokia ez.
Eta hemen dator bigarren zatia. BBVA zigortuko balu ebazpen horrek —fiskalak hala eskatu zuen epaiketaren bigarren eta azken egunean— auzitegiek behin baino gehiagotan jarritako ildotik abiatuko litzateke emaitza, eta bankuen —produktua saldu zutenen— bizkar jarriko lukete gertatutakoaren erantzukizuna. Bezeroek produktua erostean ez bazuten ekarpenen betierekotasun izaeraren berri izan, aurrez aurre, bulegoetan, informazioa ezkutatu zitzaielako izan zen, ez zitzaielako garbi hitz egin alegia. Iruzur egin zieten? Denei? Kasu denetan? Ez ote dago erosten ari zena ongi ezagutzen zuen bezerorik? Ez ote dago euriborra goian zegoenean bere inbertsioaren %8ko interesa jaso dutenen artean inbertsioaren ezaugarrien jakitun zena?
Argitaratu ez den ebazpena demanda kolektiboa sartu duten 68 bezeroei buruz ariko da, noski, baina Adicaeren ideia da jurisprudentzia ezarriko dela, eta elkarte hori —Espainian lehentasunezko parte hartzeen auzia gehien mugitu duena— eta Kaltetuak, Eroski eta Fagorreko ekarpenen erosle gehien bildu dituen elkarteak, salaketa gehiago iragarri dituzte. Bilboko Merkataritza arloko epaitegiko titular Marcos Bermudezek 68 bezeroren ekarpenen dirua itzularaziko balio BBVAri —kinielatan hori da emaitza errepikatuena— demanda uholde bat iritsiko litzateke berehala. Eroskiren aldekoa litzateke orduan ebazpen hori? Eroskiren aldekoa litzateke bere marka eta bere izen ona auzitan ikusi beharra etengabe?
Itzal luzeegia markarentzat. 2002, 2004 eta 2007an egindako hiru jaulkipenetan 660 milioi euro jaso zituen Elorrioko kooperatibak ekarpenen bidez. 30.000 bezerok erosi zituzten, besteak beste, BBVAn (%44), Laboral Kutxan (%31), Kutxabankek (%12) eta La Caixak (%8) salduta. Haiei esker Eroskik onartua zuen hedatze plana aurrera eraman zuen. Orain bestelako helburuak dauzka, krisiak gogor jotzen duenetik izandako emaitza txarrak zuzentzen jarraitzea lehenik eta behin, eta daukan zorra birfinantzatzeko «bankuen babes osoa» akordio zehatz bihurtzea. Azken bost urteotan 1.200 milioitan gutxitu du Eroskik pasiboa, baina 2.500 milioiri aurre egiteko behar du bankuekin akordio hori. Epaileen araua Eroski ez, baina bankuak zigortzea bihurtuko balitz ekarpenen auzian, nola eragingo lioke horrek kooperatibak bankuekin nahitaez eduki behar duen harremanari?
Luzeegia egiten ari zaio ekarpenen kontuaren itzala Euskal Herriko kooperatibarik handienari. Gehiago itxaron gabe konpondu beharreko auzia da, Eroskiren izena epaiketen orbanekin berriro zikindu nahi ez badute. Kitaren akordioa ez du onartu Kaltetuak elkarteak; Ricardo Gonzalez de Durana presidentearen hitzek garbi utzi dute: «Diru guztia itzuli behar dute lapurrek». %30eko kita proposatu die Eroskik; trukean jatorrizko inbertsioaren %15 esku dirutan jasoko lukete bezeroek,eta gainontzeko %55 kooperatibak jaulkiko lukeen zor bonuetan, hamabi urteren buruan itzuli beharrekoak, Euribor gehi %3ko interesarekin. Betiereko gordailua, hamabi urterakoa bihurtzen da, beraz, interes on batekin, baina kita bat tarteko.
Iruzurra egon bada, konpon dadila. Nork egin duen iruzur jakin behar da aurrena, ordea. Eta zenbat iruzur egon diren, zenbat kasu. Burtsan jokatzen duenak badaki erositako akzioek balioa gal dezaketela —irabazi ere bai—. Eroskiren ekarpenek jatorrian zuten balioaren%40 inguru dute orain. Jokoan ari zela ez zekiena, zergatik ez zekien argitu behar da, baina ekarpenek urte askoan interes ona eman dutla ere esan behar da. Eroskik 200 milioi eurotik gora banatu ditu interesetan; zerikusirik ez lehentasunezko parte hartzeekin, beraz. Hurrengo ordainketa bost egun barru egingo du Eroskik. Jaulkipenaren arabera, %3 eta %3,5 bitartean jasoko dute inbertitzaileek.