«Banan bana itzuli nahi diet jasotako elkartasun guztia»

Kartzela atarian ezin, baina Ciudad Realen (Espainia) geldialdia egin, eta Euskal Herritik haren bila joandako lagunekin topa egin zuen Gatzak.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Pozarren, hunkituta eta sentitzen zuena artean ongi azaltzen jakin gabe egin zizkion lehen adierazpenak prentsari Jose Mari Sagardui Gatza-k, Ciudad Realen, askatasuna lortu arte azkena izan duen Jaengo espetxetik Euskal Herrira bidean, egindako geldialdian.

Barruak askatzeko hitzik aurkitu gabe, sentitzen zuen poza adierazten ahalegindu zen. Kartzelako irteera «inertziaz» egin zuela esan zuen. 31 urteko gatibutzatik askatasunerako bizitzara igarotzeko egin zituen urrats horiei erreparatu gabe ia. Irtetean begi aurrean ikusi zituen ikurrinak eta Euskal Herritik harengana joandako lagunak; «biderkatu» egin zitzaion barruko poza.

Urduri, ordea, ez zegoen urduri. «Oso lasai irten naiz. Egun hau iritsi zain hainbeste denbora eman... Ez nuen imajinatzen hau dena. Baina iritsi da», esan zuen jada preso ohi denak.

Herrira, etxera itzultzeko gogoz gainezka zegoen Sagardui. «Zornotzara iritsi, eta gurasoak besarkatzea da uneotan gehien desiratzen dudana», esan zuen.

Debekuari aurre egiteko era

Kartzelan egon den 31 urteotan jaso duen elkartasuna eta berotasuna ere eskertu nahi izan zuen Gatzak, eta Zornotzan harentzat prestatuta zeukaten ongietorria debekatu egin dutela jakitun, atzo iluntzean egiterik ez zuena hurrengo egunetan egingo zuela aurreratu zuen. «Esker onekoa izan behar da; denei batera ezin bada, banan bana itzuli nahi diet jasotako elkartasun guztia».

Euskal preso guztiek, bera bezala, aske egotea merezi dutela ere esan zuen, eta egun hori laster izan dadin desiratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.