Joan den apirilaren 27an gertatu zen, Vila-real eta Bartzelona futbol taldeek jokatu zuten partidan. Bigarren zatian, Dani Alves Bartzelonako jokalari brasildarra albo batera joan zen korner bat jaurtitzera, eta ikusle batek banana bat bota zion. Ez zen izan intentziorik gabeko keinua: futbol zelaietan, platanoak botatzea edo tximinoen oihuak egitea jokalari beltzak iraintzeko modu bat da, jokalaria bere arrazagatik gizatasunaz desjabetzeko saioa, arrazakeriaz pozoitutako laidoa.Gutxik espero zuten Alvesen erreakzioa: banana hartu zuen, azala kendu zion, eta jan egin zuen. Ondoren, kornerra bota zuen, ezer gertatu ez balitz bezala. Partida amaitu eta berehala, platanoa Alvesi elkartasuna adierazteko bide eta arrazakeriaren kontrako ikur bilakatua zen, batez ere sare sozialetan. Bartzelonako beste jokalari brasildar batek, Neymarrek, argazki bat jarri zuen sarean: hura eta haren semea agertzen ziren, aita banana batekin, eta umea bananaren itxura duen panpina batekin. Oso denbora laburrean, pertsona ospetsuak zein herritar anonimoak platanoak jaten erakusten zituzten irudiak ugaritu ziren Twitterren.
Sare sozialetatik hedabideetara egin zuen salto albisteak. Alvesen keinuak eta horren ostean sorturiko elkartasun oldeak oihartzun handia izan zuten. Banana bota zuen zalea identifikatu du Vila-realek; bazkide txartela kendu dio, klubean zeukan arduraz ere desjabetu du —gaztetxoen talde bateko ordezkaria zen—, eta debekatu egin dio berriro taldearen futbol zelaian sartzea. Baina, gainerakoan, ez du ematen kanpainak, arrakasta mediatikoa gorabehera, askoz gehiagorako balio izan duenik: astebete geroago, maiatzaren 3an, Atletico Madril taldeko zaleek tximino oihuekin hartu zuten Levanteko Pape Diop jokalari senegaldarra.
Lotura
Mikel Mazkiaran Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kidea da. Aitortzen duenez, ez da bereziki futbolzalea, Osasunaren nondik norakoei kasu egiten dien arren. Haren ustez, futbola eta arrazakeria "nahiko lotuta" agertzen dira, "Ultras Sur eta antzeko taldeetan futbolzaletasunaren mozorroaren pean ezkutatzen diren eskuin muturreko jarrerek erakusten duten moduan". Baina, dioenez, lotura hori hedabideetan eta politikari edo futbolaren agintarien adierazpenetan agertu ohi da: "Beste kontu bat da hori mozteko neurriak hartzen diren ala ez".
Xabier Aierdi soziologoa immigrazio eta arrazakeria gaietan aditua da, eta, gainera, futbola oso gogoko du. Beraz, pertsona egokia da futbola eta arrazakeria lotzen dituen kate ikusezin horren inguruan berba egiteko. Aierdik ez du uste futbola gizartearen beste esparru batzuk baino arrazistagoa denik, eta zelaietan gertatzen dena "gizartean gertatzen denaren ispilu" baizik ez dela pentsatzen du. "Futbolean islatzen da gizartean nagusi den humus ideologikoa", gaineratu du, "baina modu kontzentratuan. Nazionalismoarekin berdin gertatzen da: euskal gizartean nazionalismoak duen garrantzia ikusita, normala da euskal taldeen zale erradikalak, nolabait esateko, abertzaleak izatea. Athleticen zaleen artean talde arrazista bat agertzea ez litzateke oso ulergarria izango".
Arkaitz Fullaondo EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da, eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokian dihardu. Haren ikuspuntua apur bat desberdina da Aierdirenarekin alderatuta, uste baitu futbolera "gizartearen sektore jakin bat" joaten dela eta, hortaz, zelaietan gertatzen dena sektore horren isla litzatekeela, gizarte osoarena baino gehiago. "Baina, hain kirol masiboa izanik, bertan agertzen dira, modu trinkoago batez, gizartean egon daitezkeen zenbait jarrera edo jokabide, eta arrazakeria izan daiteke horietako bat".
Futbola "sentimendua" da, Fullaondoren hitzetan. Ez da zerbait arrazoizkoa. "Talde batekoa zara, talde horretakoa zarelako, kito. Subjektibotasun, irrazionaltasun eta sentimendu arloaz ari gara". Alde horretatik, jende askorentzat "liberazio bat" da partida ikustera joatea. "Permisibitate giro bat" sortzen da horrela, eta badirudi horrek baimena ematen duela beste esparru batzuetan onartezinak liratekeen jokabideak zuritzeko. "Futbol zelai batean, norbait altxatu eta epaileari irainka hasten bada, barre egiten dugu. Taberna batean gauza bera gertatuko balitz, pentsatuko genuke pertsona hori burutik dagoela".
Berdin gertatzen da iruzkin edo irain arrazistekin: beste egoera batean gaitzetsi edo lekuz kanpokotzat joko liratekeen adierazpenak baimendu egiten dira futbol zelaian, "hango egoera berezia delako, sentimenduen goraipamen eta permisibitate egoera batean", Fullaondoren esanetan. "Beraz, gizartearen isla baino gehiago, nik esango nuke futbolak erakusten duela zer egiteko gauza garen horrelako egoera irrazional batean".
Dani Alvesek jasandako laido arrazista bezain komentatua izan da futbolariaren erreakzioa eta horrek sare sozialetan lorturiko elkartasun eta atxikimendua. Aierdiri gustatu egin zitzaion Alvesek egindakoa: "Inteligentea izan zen, arina eta eskertzeko modukoa. Gai honen inguruan ari garenok askotan ibiltzen gara pertsona ezagunak bilatzen, egiten ditugun kanpainetan lagun diezaguten. Ni poztu egin ninduen Alvesek hori egin izanak, bai eta keinu horrek lorturiko arrakastak ere". Gainera, platanoa "zerbait erraza eta eskuragarria" dela uste du: "Batzuetan, ikurrak horrela sortzen dira, gutxien uste duzunean".
Gogoeta egin beharra
Mazkiaranek uste du Alvesek egindako keinua eta horrek sarean lortu duen oihartzuna "hedapen biralaren adibide" izan daitekeela, baina zalantzan jartzen du horrek "benetako hausnarketa" ekarri ote duen: "Keinu hutsean gelditzen bada, ez dugu askorik aurreratzen. Internetek badu gaitasuna eztabaida sakonagoa sorrarazteko: nolako balioak transmititzen dizkieten futbolean aritzen diren umeei, zer gertatzen den eskuin muturreko talde horiekin, kirolean arrazakeriaren kontra borrokatzeko onarturiko legeak betetzen diren ala ez, eta abar. Baina, askotan, eztabaida hori galdu egiten da. Oso litekeena da orain sorturiko zalaparta guztia laster ahaztea eta egoerak berdin jarraitzea".
Gertatutakoaren inguruan beste gogoeta bat egin du Mazkiaranek: normalean, arrazakeria oso lotuta dago maila ekonomikoarekin, eta pobreek pairatzen dute nagusiki, zuriak ez diren aberatsek maiz ikusten baitute ate guztiak zabaltzen zaizkiela diruari esker. Baina Alvesekin jazotakoak erakusten du hori ez dela beti horrela: "[Cecile Kyenge] Italiako Integrazio ministroarekin gertatutakoa ere horren adibide da. Ministro izateak ez zion balio izan eraso arrazistetatik ihes egin ahal izateko".
Aierdik ere tira egin dio gogoeta horren hariari: "Arrazista denak beste arrazetakoak gorrotatzen ditu, pobreak zein aberatsak izan. Naziek judu pobreak zein aberatsak hil zituzten gas ganberetan. Eta, gero, jende asko dago beharbada bere burua arrazistatzat jotzen ez duena baina une jakin batean jokabide xenofoboak izan ditzakeena. Horregatik da garrantzitsua Alvesek egin zuena; une horretan, etorkin guztiak ordezkatzen ari zen".