Bandera urdin bakarra izango da aurten Euskal Herriko hondartzetan

Udalerriek beste kalitate ziurtagirien alde egin dute, asteburuan hasiko den denboraldiari begira

MAITE ASENSIO - AINARA ARRATIBEL- AITOR RENTERIA BILBO-DONOSTI-BAIONA
2008ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Hondartza askotan gaur eta bihar hasiko da udako denboraldia. Denboraldiarekin batera banatzen ditu Ingurumen Heziketarako Europako Elkarteak hondartzen eta portuen kalitatea saritzen eta bermatzen duen bandera urdina. Iazzazpi hondartzak jaso zuten ikurra; aurten, ordea, bakarrak: Getxoko Azkorrik (Bizkaia). Kasu gehienetan ez jasotzeko arrazoia ez da izan hondartzek ez dutela eskatzen den kalitate maila betetzen, baizik eta ez dutela bandera jasotzeko eskaria egin. Bandera urdinen baliagarritasuna zalantzan jarri, eta nahiago izan dute beste kalitate ziurtagiri batzuen alde egin.



Bizkaia

ISOren aldeko apustua

Iaz zazpik, baina aurten hondartza bakar batek lortu du bandera urdina Bizkaian: Azkorrik (Getxo). Aldiz, hamarrek lor ditzakete, uztaila hasieran, ISO 9001 kalitate ziurtagiria eta ISO 14001 ingurumen ziurtagiria: La Arena (Muskiz) Arrietara-Atxatxibil (Sopela), Bakio, Laida, Laga (Ibarrangelu), Ogella (Ispaster), Isuntza (Lekeitio), Karraspio (Mendexa), Plentzia eta Arrigorri (Ondarroa). Bizkaiko Foru Aldundiak duela lau urte erabaki zuen bandera urdina alde batera uztea, duela lau urte ISO ziurtagirien alde egin zuenean. «Bandera urdin gehiago ez edukitzeak arrazoi bakarra du: ez genituen eskatu. Eskatu izan bagenitu, lortuko genituen»,adierazi zuen atzo, Iosu Madariagak Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuak, bihar hasiko den hondartzen denboraldiaren aurkezpenean.

2002ko azaroan Prestige petroliontzia Galiziako kostaldearen aurrean hondoratu zenetik, bandera urdinak ospea galdu duela uste du Madariagak. «Hurrengo urtean Galiziako hondartza askok lortu zuten saria, itsasoaren kutsadura nabarmena zen arren». Bandera urdinak GKE batek ematen dituela gogorazi du Madariagak: «Europa osoan diharduen elkarte bat da, arloko ezagunena. Baina hondartza kudeatzaileek ISO ziurtagirien edo antzekoen aldeko apustua egiten dute, horiek kanpoko ikuskaritza independenteen bidez lortzen direlako».

ISO ziurtagirien bidez kalitatezko zerbitzuen eskaintza eta ingurumenaren zaintza uztartzen direla azpimarratu du Madariagak. «Hain zuzen ere, oreka hori bilatzen dugu guk: gure ekosistemak zaintzea eta hondartzan gizartearen erosotasuna edo ongizatea lortzea». Ziurtagiri hori lortzeko urte batetik bestera hobetzera behartuta daudela azaldu du diputatuak. Hondartzen erabiltzaileei egin behar dizkieten inkesten emaitzak baliatuz, balorazioan garrantzitsutzat hartutako gaiak hobetzeko programa berria aurkeztu behar dute urtero.

Hondartzak garbi mantentzeko gero eta baliabide gehiago bideratzen dituztela argitu du Madariagak. 5,4 milioi euro gastatu dituzte aurten hondartzak udako denboraldirako prestatzen. Martxoko ekaitzak Bizkaiko hainbat hondartzatan eragin zituen kalteak dagoeneko konponduta daudela ere nabarmendu du Madariagak.



Gipuzkoa

Bandera urdinik gabe

Gipuzkoan bihar hasiko da hondartza denboraldia, baina soilik Zarauzko eta Donostiako hondartzetan. Gainontzekoetan ekainaren 14an jarriko da abian. Aurten Gipuzkoako hondartza bakar batek ere ez du bandera urdina izango. Iaz, Zumaiako Itzurunek eta Getariako Malkorbek jaso zuten. Zumaiako Udalak, ordea, aurten ez eskatzea erabaki zuen: «Gure ustez, bandera urdinak ez du ezer ziurtatzen, banderak ematen dituen erakundeak ez baitu udalek bidaltzen dieten informazioa egiaztatzen. Marketin hutsa da», dio Asier Etxanizek, Zumaiako Udaleko Ingurumen zinegotziak. Etxanizen ustez, Itzurungo hondartza zen banderari prestigioa ematen ziona, ezta alderantziz ere. «Itzurunek duen ingurumen eta paisaia aberatsa nahikoa da haren izen ona eta kalitatea bermatzeko». Haren arabera, «oso esanguratsua eta adierazgarria» da aurten Gipuzkoan bandera urdina duen bakarra Zumaiako kirol portua izatea. «Paradoxikoa da Gipuzkoan genuen padura ederrenetakoa apurtu zuen portua izatea bandera eskuratu duena». Kasu horretan kirol portua kudeatzen duen enpresak egiten du eskaria

Hala, bestelako kalitate ziurtagirien batzuen alde egingo dute: «Ecoscan edo ISO 14001 bezalako ziurtagiriek bestelako berme bat ematen dute». Atzemanda dituzte zeintzuk diren Itzurunek dituen gabeziak, eta hura kudeatzeko beste modu baten alde egin nahi dute. «Eztabaida zabaldu nahi dugu, eta hondartza batzordean harekin zerikusia duten eragile guztiek parte hartzea: natur taldeek, surflariek, sorosleek...».

Getariako Udalak egin zuen eskaria Malkorbeko hondartzarentzat, baina ez diete eman. «Oraindik ez digute erabakiaren arrazoia eman, baina uste dugu arrazoia uraren kalitatea izan daitekeela, eta baita martxoan izandako denboraleak eragindako kalteak ere», dio eskaera bideratzeaz arduratu den Jose Luis Urresti udal langileak. Ez dute aztertu beste kalitate ziurtagirik eskatzea.

Dagoeneko Gipuzkoako hainbat hondartzek badute kalitatea bermatzen duen bestelako ziurtagiriren bat. Donostiako hiru hondartzek, adibidez, iaz berritu zuten Emas ziurtagiria. Europako Batasunaren kalitate ziurtagirik gorena da Emas. Zarauzko eta Debako hondartzek, berriz, ISO 14001 ziurtagiria jaso zuten.

Aurten ere indar berezia jarriko da Gipuzkoako hondartzen sorosle zerbitzuetan. Iaz 9.000 lagun artatu behar izan zituzten sorosleek. Horietatik 350 ur salbamenduak izan ziren, eta sorosleek kezka agertu zuten horrekin. Izan ere, kasu askotan bainularien arreta ezagatik edota banderak ez errespetatzeagatik gertatu baitziren. Aurten 200 sorosle arduratuko dira Gipuzkoako hondartzetako bainularien segurtasunaz. 150 Gurutze Gorriarenak izango dira, eta 50 DYArenak.

Ezinduek bainatu ahal izateko zortzi aulki egokitu prestatu ditu aurten Gurutze Gorriak. Zerbitzu hori erabili ahal izateko, aldez aurretik txanda eskatu beharko da. Haurren artean ere ez galtzeko eskumuturrekoak banatuko dira.



Lapurdi

2015eko erronkari begira

Ez beltza, ez urdina. Azken urteotan Lapurdiko hondartzetan ez dago hondartzaren ageriko kalitatea, ona zein txarra, adierazten duen banderarik. Surfrider fundazioak urteetan bandera beltzak ematen zizkien bainurako kalitate txarra zuten hondartzei. Hautetsiek, berriz, bandera urdinak goraipatzen zituzten, legediak dituen zirrikituak baliatuz. Berrikitan, elkarri mokoka aritzearen ordez, elkarlan zientifikoa burutzea onartu zuten. Erronka Euskal Kostaldea planaren barrenean dago. 150 euroko aurrekontua du xede horrek, eta uren kalitatea neurtzeko plangintza zehatza.

Gaur egun indarrean dauden legeen arabera, hondartza gehienetan kalitate ona dago. Alta, 2015ean Europako legea sartuko da indarrean eta horren arabera, Angelun, adibidez, hondartzen %13 kalitate txarrekoak lirateke. Angeluko kasuan Aturri ibaia da egoera horren erantzulea. Ekaitza delarik, hondakinak karreatzen ditu hondartzetara. Azalean gelditzen diren plastikoak eta egurrak kasu batzuetan, baina bertze mota bateko kutsadura ere bai. Gauza bera gertatzen da Lapurdi hegoaldean, Urdazuri eta Bidasoa ibaien kasuan.

Inbertsio handiak egin dira Lapurdin, bereziki araztegietan. Hala ere, ekimenak jarraipena behar duela adierazi du uren kalitatearen kontrolaz arduratzen den Didier Rihouey teknikariak. 1998an, adibidez, 38 egunez itxi zuten Lapurdiko hondartzaren bat, eta 2002an 71,5 egunez. Baldintzak gogortu arren, 2006an 20 egunez egon ziren itxirik. Iazko kasua berezia izan zen, uda osoan euria egin zuelako. Hala ere, uren kalitatea gero eta hobea dela dio Patrick Ciment Donibane Lohizuneko hondartzetako arduradunak. «Orain azterketek erakusten dutelarik arazoak daudela, hondartzak ixten ditugu; duela urte batzuk ez ziren ixten, deus gertatuko ez balitz bezala egiten zen».

Miarritzen eta Angelun esperientzia bat ezarri zuten abian, egunero eta ordu ezberdinetan uraren kalitatea aztertzea, euria egiten duelarik ere bai. «Departamentuko osasun zerbitzuek zuten lehen kalitatearen neurketaren ardura, eta ekaitza egiten zuelarik ez zuten neurketarik egiten, jakin arren orduan dagoela kutsadurarik handiena», dio Nathalie Sauzau Surfriderreko kideak. Elkarlanaren ondorioz, parte hartzen dute Erronka Euskal Kostaldea eta Kosta Garbia sindikatuaren lanetan. Azterketak egiteko zeukaten laborategia Marseilla aldera eraman dute, plantan ezarri den sistemak konfiantza ematen diela azalduz.



«Sari turistikoak» direla uste dute ekologistek

Ekologistak Martxan-eko komunikazio arduradun Carlos Alonson ustez, bandera urdin bakarra lortu izana, hondartzak eta, oro har, kostaldea «hondatzen» ari direla adierazten du. «Bandera urdinak erraz lortzen zirela diote orain, baina sei edo zazpi hondartzek lortu izan zituztela kontuan hartuta, ez zen hain erraza izango», gaineratu du. Hala ere, oso kritikoa da era horretako agiriekin; bai bandera urdinak, Bai ISO kalitate eta ingurumen ziurtagiriak «sari turistikoak» direla uste du Alonsok. «Hondartzak eta portuak baino ez dituzte aztertzen, ekosistema baten barruan daudela kontuan hartu gabe», esan du. Halako ziurtagirien esleipenean «kontraesanak» ikusten ditu Alonsok.





Jose Ramon Sanchez Adeaceko presidentea

«Kantauriko kostalde osoan galdu dira bandera urdinak»

A.A.

Adeac elkartea arduratzen da bandera urdinen zerrendaren berri emateaz. Aurten bandera gutxiago eman direla aitortzen du elkarteko presidente Jose Ramon Sanchezek. Araudia zorroztu izanari eta klimari leporatzen dio gertatutakoa.

Bandera urdin bakarra ikusiko da aurten Euskal Herriko hondartzetan. Iaz zazpi izan ziren. Zer dela eta?

Ez da soilik Euskal Herriko kontua. Kantauriko kostalde osoan galdu dira bandera urdinak, ez soilik Euskal Herriko hondartzetan. Aurten banderak eskuratu ahal izateko baldintzak gogortu egin dira, gure helburua hondartzek ahalik eta kalitate handiena izatea baita. Dagoeneko ez da nahikoa, lehen gertatzen zen moduan, hondartzek zakarrontziak eta sorospen zerbitzua izatea. Zerbait gehiago eskatzen dugu. Bestalde, uraren kalitatearen inguruko legedi berria onartu du Europako Batasunak, eta hori ere gogortu egin da. Gainera, kontuan izan behar da klimak ez duela batere lagundu. Denboraleak lehorte garaiekin tartekatu dira, eta horrek ez du batere laguntzen uraren kalitatean. Euskal Herriko hondartzetako ura ona da bainatzeko, baina ez primerakoa, guk eskatzen dugun bezala. Hondartzek eskatzen ziren baldintzak betetzen ez zituztela jakinda, udalerri askok ez dute bandera eskatu.

Ez da aurtengo kontua, ordea. Azken urteetan gero eta udalerri gutxiagok eskatzen dute bandera urdina beren hondartzentzat. Zer dela eta?

Pena da, batek baino gehiagok baldintzak betetzen baititu banderak izateko. Baina nolabaiteko ohitura sortu da udalerrien artean urte batean bandera ez eman, eta ez dutela gehiago eskatzen. Guri Euskal Herritik hautagaitza gehiago jasotzea gustatuko litzaiguke. Oraindik gogoan dut Ajuria Enean banderak banatzen genituenean.

Askok, ordea, bestelako kalitate ziurtagirien alde egin dute.

Bai, horrela da. Nik, adibidez, hondartzentzako ISO 14001 araudia idazten lagundu nuen, baina oso kritikoa naiz harekin. Norberak bere nahi eta baldintzetara egokitu dezakeen araudia da. Gainera, kasu batzuetan ez da araudian jasotzen dena betetzea eskatzen, baizik eta horretan ahalegintzea.Gure ustez, gainera, hondartza ezin da enpresa baten ikuspegitik kudeatu, ISOk eskatzen duen moduan. Gure helburua hondartzen garapen iraunkorra da, eta ez onena izateko haien artean lehia sortzea. Gainera, halako kalitate ziurtagiri bat lortzeko sekulako dirutza gastatu behar da. Guk, berriz, doan ematen dugu.

Zein da, zure ustez, egun euskal hondartzek duten arazo nagusia?

Uraren kalitatea ona da bainatzeko, baina ez goi mailakoa guk eskatzen dugun bezala. Osakidetzak jasotako datuetan oinarritzen gara hori esateko. Ingurumenari buruzko informazio panelak ere hobetu daitezkeela uste dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.