Donostiako Udaltzaingoak igande arratsaldean Madrilgo bikote bat atxilotu zuen Gipuzkoako Diputaziotik Espainiako bandera «ikur inposatua» dela salatzen duen plaka kentzeagatik. Diputazioko iturrien arabera, 16:30 aldera segurtasun bideokamerek 41 urteko gizonezko bat eta emakume bat xafla kentzen grabatu zituzten. Plastiko edo ehun batekin hura tapatu eta tiraka paretatik atera zuten. Udaltzaingoak zaindarien deia jaso, eta egoitza dagoen Gipuzkoako plazan bertan atzeman zituzten. Galdeketa bat egin ostean, bikotea libre utzi dute lapurreta leporatuta.
Bien bitartean, Diputazioko bozeramaile Eneko Goiak azaldu du salaketa jarriko dutela. Haren hitzetan, lapurreta «ergela eta antzua» da, plaka «lehenbailehen» ordezkatuko dutelako.
Xaflak gipuzkoar eta euskaldun gehienen iritzia jasotzen duela adierazi du Goiak, eta «oso garrantzitsua» dela «ikurrak inposatzen dizkigutenek gure sentimenak garbi izatea».
Espainiako Justizia Auzitegi Nagusiak plaka kentzeko eskaera gutxietsi zuela gogorarazi du Goiak. Azaldu duenez, «xaflak eta haren edukiak ez dute bandera bere lekuan egotea oztopatzen edo eragozten».
Hamaikabatek ere salatu du lapurreta. Banderen Legea «gipuzkoar gehienen iritziaren aurkakoa» dela azaldu dute eta adierazpen hori «indarrez hautsi beharrean errespetatu» egin behar dela.
Diputazioak joan den otsailaren 27an jarri zuen plaka, Espainiako bandera jarri behar zutela jakinarazi ziotenean.
Politika
Banderen Legea salatzeko plakaren lapurretaren bideoa
Donostiako Udaltzaingoak bi madrildar atxilotu zituen igande arratsaldean Gipuzkoako Diputazioaren egoitzatik Espainiako bandera "inposatua" dela salatzen duen xafla kendu zutelako. Aldundiko segurtasun bideokamerek guztia grabatu zuten, eta norbaitek Youtubera igo ditu irudiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu