Kementsu eta itxaropentsu. Halaxe sartu da Iñaki Gonzalez donostiarra Gipuzkoako Lurralde Auzitegira. Etxetik botatzekotan dira, 2008an erosi zuen lokal baten hipoteka ordaindu ezin duelako. Lokalaren giltzak banketxeari, Kutxari, itzuli dizkio, eta orain hura da jabea. Baina hipotekagatik 12.000 euro eskatzen dizkio, eta beste 23.000 euro interesen eta abokatuen kostuengatik. Ordaindu ezin duenez, orain etxetik bota nahi dute. «Haiengatik balitz, soinean daramadan arropa ere kenduko lidakete. Putreen kontzientzia dute. Baina ni indarrez nago borrokan jarraitzeko, eta abokatuek dena ondo irtengo den itxaropena eman didate». Eskatzen duena argia da: lokala ematearekin zorra kitaturik geratzea
Epaile batek lehen aldiz entzun du halako eskari bat Gipuzkoan. Hego Euskal Herrian eman den antzeko beste kasua Nafarroan gertatu zen. Epaile batek arrazoia eman zion Arronizko bizilagun bati, eta zorra etxea ematearekin kitatzea onartu zuen. Baina gero banketxeak helegitea jarri zuen, eta hasierako erabakia atzera bota zuten auzitegiek.
Stop Kaleratzeak elkarteko kideen babes oihu eta txalo artean sartu zen auzitegira Gonzalez, atzo eguerdian. «Lortuko dugu, Iñaki!», esan zion epaitegian egindako protestan parte hartzen ari zen andre batek. Gonzalez kritiko agertu zen banketxeekin, eta baita politikariekin ere. «Badira milaka euro lapurtu dituzten iruzurgileak, eta haiek ez dituzte kartzelara sartzen. Ez dituzte etxetik botatzen. Lotsagarria da». Gainera, laguntza banketxeentzat izatea salatu zuen. «Erreskatea behar dutenak ez dira banketxeak, behar ekonomiko larrian daudenak baizik, etxetik botatzen ari direnak. Horien egoera konpontzeko, ordea, ez da neurririk hartzen». Argi du erraz konponduko litzatekeela: «Hipoteka irabazten dugunaren arabera ordainduko bagenu, ez litzateke halakorik gertatuko». Hala ere, espero du gauzak ondo ateratzea. «Ez niregatik bakarrik, baita egoera okerragoan daudenengatik ere. Familia asko ari dira kalean geratzen. Asko kezkatzen naute seme-alaba txikiekin kale gorrian geratzen ari direnek».
Lau urteko amesgaiztoa
Orain lau urte hasi zen Gonzalezen gurutzebidea. Etxetik gertu lokal bat erosi zuen, berritu eta bi etxebizitza egiteko. Bat seme-alabetako batentzat zen, eta bestea alokairuan jartzeko. Lokala erosteko 80.000 euroko kreditua eman zion Kutxak. Lokalaren kostua 113.000 eurokoa zen. Hasieran, moldatu zen. Baina, pixkanaka, ordaindu beharreko kopurua gero eta handiagoa zen, eta etxea moldatzeko lanei ere ezin zien aurre egin. Beraz, beste 18.000 euroko kreditu bat eskatu zuen. Ez zioten onartu. Artean, gainera, bere etxebizitzako kreditua ordaintzen ari zen.
Beraz, 417 euroko pentsioarekin ezin zion egoerari aurre egin. Etxetik botatzeko aginduak iristen hasi ziren. «Lokaleko giltzak eman nizkien banketxekoei, pentsatuz horrekin zorra kitatuta geratuko zela. Giltzak hartu zituzten, baina ez zidaten erantzunik eman». Azkenean, enkantean jarri zuten. Kutxak bereganatu zuen, 68.000 eurotan. Gonzalezen abokatuak atzoko epaiketan salatu zuen lokal hori 119.000 eurotan jarri duela salgai Kutxak. Abokatuaren arabera, Kutxak«bidegabe» aberastunahi du. Gainera, defendatu zuen lokala ordainetan emanda Gonzalezek zorra kitatu zuela. Gogorarazi zuen kendu nahi diotena bere ohiko etxebizitza dela, eta epaileari eskatu zion legea egungo krisi egoera kontuan hartuta aplikatzeko.
Kutxaren legezko ordezkaririk ez zen epaiketan izan. Horrenbestez, prokuradoreak erantzun zituen Gonzalezen abokatuak egindako galderak. Ukatu egin zuen etxebizitza salgai zegoenik. «Ez dago ezta Jabetzaren Erregistroan izena emanda ere. Nola egongo da salgai?». Esan zuen, halaber, ez zekiela lokala 113.000 eurotan tasatu zutenik. Gonzalez etxetik botatzeko prozedura bertan behera uzteko arrazoirik ba ote zegoen galdetuta, ezetz erantzun zuen. Gainera, abokatuak emandako argudioei erantzun zien.
Prokuradorearen arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak berak ebatzi zuen ez dela bidegabea banketxeak berak etxebizitza eskuratzea. Bestalde, defendatu zuen Kutxa ez dela bidegabe aberastu. «Hasieran tasatu baino prezio txikiagoan eskuratzen bada lokala edo etxebizitza, ez dago halakorik». Alderantziz. «Negozioa» egin nahi zuena Gonzalez zela esan zuen. «Lokala erosi eta berrituz hori egin nahi zuen. Ez zuen horretarako beharrik, bazuelako beste etxe bat». Gainera, esan zuen negoziatzen jarraitzeko eta beste aukera batzuk aztertzeko prest daudela.
Itxaropenerako zirrikitua
Auzia ondo ateratzea espero du Gipuzkoako Stop Kaleratzeak elkarteak. «Lehen aldia da epaile batek etxea trukean onartzeko aukeraren inguruan epaiketa bat egiten duela, eta hori bada zerbait. Iluntasunean argi izpi bat ikusten hasi gara», adierazi du Mikel Sanchezek. Epaileak hiru bat aste barru emango du epaia.
Gipuzkoan 40 kalteturen kasuak ditu esku artean Stop Kaleratzeak elkarteak, Sanchezen arabera. «Hau arrabol moduko bat da. Kasu askotan kaltetuek ez dute abokatu bat ordaintzeko dirurik, eta ez dakite doako justiziarako eskubidea dutenik ere».
Etxe kaleratzeak
«Banketxekoengatik balitz, arropa ere kenduko lidakete»
Iñaki Gonzalezek lokal baten giltzak eman ditu, ezin baitu hipoteka ordaindu. Horrela zorra kitatu duela dio. Zor osoa pagatzea nahi du banketxeak. Gipuzkoan lehen aldiz aztertuko du epaile batek kaltetuaren eskaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu