Euskal Herria

Bankuei etxeak bahitzeko aukera ematen zuen Nafarroako legea bertan behera utzi dute

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du Espainiako Gobernuaren helegitea, Nafarroako Parlamentuak ekainean onartu zuen legea geldiaraziz.

urtzi urkizu
2013ko azaroaren 12a
17:54
Entzun

Nafarroako Parlamentuak etxebizitza eskubidea bermatzeko legea onartu zuen ekainean, UPNren eta PPren kontrako botoekin. Lege horrek aukera ematen zuen kaleratze prozesuan dauden etxeak bankuei bahitzeko eta familiak etxean hiru urtez mantentzeko, alokairu baten truke. Alokairuak familiaren sarreren %25 baino gutxiago behar luke. Urriaren 11n, Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion legeari Auzitegi Konstituzionalean. Eta auzitegi horrek bertan behera utzi du gaur Nafarroako Parlamentuak onartutako legea, helegitea tramitera onartu eta gero.

Nafarroako Parlamentuak, bestetik, hamabost eguneko epea du orain helegiteak aurkezteko. Eta Auzitegi Konstituzionalak bost hilabeteko epea izango du  erabakia berresteko edo atzera egiteko. Datozen asteetan aztertuko dute auzia sakonean.

Espainiako Gobernuak, jarritako helegitean, adierazi zuen etxebizitza eskubidearen legeak «estatuaren eskumenak urratzen» zituela, eta horretarako Espainiako Konstituzioaren 161.2 artikuluari egin zion erreferentzia. PPren gobernuaren arabera, Nafarroako Parlamentuak onartutako legeak «arbitrarioki» diskriminatzen ditu herritarrak, etxeen erabilera bankuei bahitzerakoan.


Nafarroan gertatu bezala, Andaluzian ere hala gertatu zen uztailean. Bankuei etxeak bahitu eta familiei alokatzeko aukera ematen zuen legea onartu zuen Andaluziako parlamentuak, baina Espainiako Gobernuaren helegitearen eraginez, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.