Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo Ituneko bozeramaileak salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak «21 urteko morrontza politiko eta ekonomikoa» onartu zuela Zubietako errauste planta finantzatzeko akordioa onartuta. Akordio hori «zentzugabekeria» dela esan du, eta bankuei men egin diela horiek proposatutako baldintzak onartuta.
«Inork nahi ez duen egitasmoa guk ordaintzea nahi du diputazioak», salatu du Errekondok. Usurbilgo Itunak emandako datuen arabera, guztira, 580 milioi euroko kostua izango du errauste plantaren proiektuak. Eraikuntza lanez gain, ikerketa tekniko eta ekonomikoak, aholkularitza, finantza komisioak, aseguru polizak eta beste alor batzuk hartu ditu kontuan zenbateko horretan.
EIB Europako Inbertsio Bankuarekin, Caixarekin eta Banestorekin lortutako akordioaren arabera, 21 urtean itzuli beharko ditu aldundiak maileguak. 195 milioi eurokoa da EIBren mailegua, eta 68 milioikoa Caixa eta Banestorekin hitzartutakoa. Hitzarmen horrek Gipuzkoako Foru Aldundia finantza erakunde horien «txotxongilo» bihurtzen duela nabarmendu du Errekondok.
Mozioak eta bilerak
Aldundiak sinatu duen «21 urteko morrontza politikoa eta ekonomikoa» salatzeko, Usurbilgo Itunak mozioak aurkeztuko ditu Gipuzkoako udaletan. Hain zuzen ere, diputazioak lortutako akordioak udalei eragiten dieten alorrak ditu. Alde batetik, udalak behartuta egongo dira zaborra errauste plantara bidaltzera, mankomunitateek aginduta. Udalek 30 urtez egon beharko dute gutxienez partzuergoan, eta hori agintzen duen estatutua aldatzeko bidea itxi du finantza erakundeekin lortutako akordioak.
Horrez gain, errauste plantak mailegua ordaintzeko errentagarritasunik ez badu, Gipuzkoako hondakinen partzuergoak neurriak hartuko ditu; tarifak igotzea, besteak beste. Errauste plantak bi bidetatik izango ditu diru sarrerak; alde batetik, udalek eramango duten zaborretik eta, bestetik, zabor horri erretzean sortutako argindarretik.
Horrekin batera, EIB, Caixa eta Banestorekin biltzeko eskaera egin du Usurbilgo Itunak. Batzar horietan errauste plantaren finantzaketan parte hartzeari buruz hitz egin nahi du finantza erakundeekin, eta, bide batez, «argibideak» eskatu.
Bankuei men egitea egotzi dio Usurbilgo Itunak aldundiari
Gipuzkoako udaletan mozioak aurkeztuko ditu, eta Caixa, EIB eta Banestorekin biltzeko eskaera egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu