Bankuen diskriminazioa salatzeko martxa egin dute migratuen kolektiboek

Bilbokoko banketxeetan zehar egin dute ibilbidea. Eusko Jaurlaritzari «zuzenean esku hartzeko» eskatu diote.

Kolektibo migratuetako kideak gaur, bankuen kontrako martxan. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Maialen Arteaga.
2021eko apirilaren 29a
15:47
Entzun

Bankuek pertsona arrazializatuak diskriminatzen dituztela salatzeko martxa aldarrikatzaile bat egin dute gaur Bilbon migratzaileen defentsarako plataformek. Diego Lopez de Haro kale nagusiko banketxeetan geldialdiak eginez osatu dute ibilbidea, Konturik gabe, ez duzu kontatzen lelopean. 11.00etan hasi dira BBVAren egoitzaren atarian, eta Espainiako Bankuan bukatu dute. Ongi Etorri Errefuxiatuak, Migratzaileen Eskubideen Plataformak eta SOS Arrazakeria taldeek azaldu dutenez, bertan bizitzeko baimenik ez dutenei kontua irekitzea ukatzen diete bankuek: «Legearen arabera, bankuko kontuak tramitatu eta irekitzea banketxeen betebeharra da. Merkataritzaren arloa arautzen duen azken dekretuak dioenez, oinarrizko ordainketa kontuak eskaini behar dituzte», adierazi dute.

Kolektiboek gaineratu dute txartel bidezko ordainketak geroz eta ohikoagoak direla eguneroko kudeaketak egiteko, eta eskubide hori urratzeak egunerokoan eragina daukala: «Banku konturik gabe ezin dugu ikasketa bekarik jaso, ezin ditugu seme-alabak haurtzaindegira eraman, kiroldegian izena eman, ezta udal bizikletak erabili ere», zehaztu dute. Orokorrean kontu bat izateko eskubidea ukatzen bazaie ere, «arbitrarioki» lortu izan dutela kontatu dute: «Leihatilako pertsonaren arabera, izaten dugun irmotasunaren arabera, edo lagun zein gizarte mugimenduetako kideekin hurbiltzen bagara». Adibide horiek guztiak «arrazakeria finantzarioarekin» lotu dituzte.

Banku kontuak irekitzerako momentuan hainbat oztopo jartzen dizkietela salatu dute. Horietako bat «beharrezko dokumentazioa ez edukitzea» izaten da. Dokumentazio horiek gabe konturik ireki ezin dietela esaten diete. Baina «trukeen» bitartez eragozpen hori desagertzen zaiela argitu dute: «Banku produktu bat kontratatzearen truke -‘osasun aseguru bat edo bizileku finkorik gabeko etxe-aseguru bat-, oztopo izateari uzten diote».

Bankuak ez ezik, administrazio erakundeak ere interpelatu dituzte: «Euskal erakundeei, Eusko Jaurlaritzari, udalei eta aldundiei gogorarazi nahi diegu diskriminazio horren konplize ez izateko aukera dutela». Izan ere, «zeharka bada ere, diskriminazioaren konplize» direla uste dute. Eusko Jaurlaritzak bankuen funtzionamendua aldatu ezin badu ere, eragiteko eta negoziatzeko gaitasuna duela adierazi dute, eta «zuzenean esku hartzeko» eskatu diote.

Azken gertakariak gogoan

Bankuetan jasaten duten diskriminazioak eta arrazakeriak egoera «jasangaitza» bilakatzen dutela azaldu dute, eta ezinegon horri lotuta Donostian eta Irunen (Gipuzkoa) egon diren gazte migratuen heriotzak gogoratu dituzte: «Jasaten ditugun oztopoek eta zailtasunek hainbat heriotza eragiten dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.