Madrilgo Probintzia Auzitegiak artxibatu egin du 2008an Barajasko aireportuan izandako hegazkin istripuaren auzia. Biktimensenideek sortutako elkarteak jarritako helegitea aztertu duten epaileen arabera, istripuaren errua ez zen teknikariena izan, baizik eta pilotuena: oker jardun zutela uste dute. Beraz, bertan behera geratu da aireratu aurretik hegazkinari azterketa egin zioten Spanair konpainiako bi teknikarien aurkako inputazioa.
154 pertsona hil ziren, horietatik bost euskal herritarrak. Auzia artxibatzeko autoaren arabera, teknikariek hegazkina aztertu ondoren izandako «arduragabekeria batek» eragin zuen istripua. Pilotuek «oker» jardun zutela ebatzi dute epaileek. «Ez ziren egoki prestatu aireratzeko, eta kabinan, gainera, beste pertsona bat zegoen. Baimena zuen horretarako, baina litekeena da pilotuek arreta galtzea eragin izana».
Teknikariek zenbait huts egin zituztela onartzen da autoan, eta ez zutela behar bezala konpondu hegazkinak berogailuetako batean zuen matxura. Baina legeak agindu bezala jardun zuten.
Etsita eta haserre daude biktimen senideak. «Oso aurrekari arriskutsua da kasua artxibatu izana. Aire segurtasuneko arduradunei zigorgabetasun osoz jarduteko aukera ematen die. Erabakia hartzeko erabili duten txostena, gainera, zalantzazkoa da aditu askorentzat», salatu dute.
Barajasko hegazkin istripuaren auzia artxibatu egin dute epaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu