Barajasko istripuko 112 lagunen gorpuak garraiatu ditu Spainarrek

Identifikazio lanak nahi baino motelago doaz, eta iragarritako meza nagusia irailaren 11rako atzeratu dute Madrilen

Erredakzioa
2008ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Madrilgo Barajas aireportuko istripuan lehengo astean zendutako 112 biktimaren gorpuak, senideek eskatutako lekuetan daude. Hegazkinez garraiatu dituzte 50hilotz, eta automobilean , gainerakoak. Spanairrena izan da garraioaren ardura kasu guztietan. Oraindik, hilotzak identifikatu zain Madrilen segitzen duten familiak ere badira, ordea. 35 hilotz zeuden atzo ilunabarrean oraindik egoera horretan, eta 100 lagun inguru, haien senideak, albiste zain daude Espainiako hiriburuan.

Madrilgo alkate Alberto Ruiz Gallardonek iragarri zuen irailaren 1ean egingo zela hildakoen aldeko meza nagusia, baina herenegun data atzeratzea erabaki zen. Gorpuen identifikatze lanak bukatu nahi dituzte hiletak egiterako eta, beraz, irailaren 11ra atzeratu dute Madrilgo artzapezpiku Antonio Maria Rouco Varelak zuzenduko duen hileta meza.

Istripuan zauritu zen Ana Maij Stefanides, 56 urteko emakume finlandiarra, hegazkinez eraman zuten atzo bere sorterrira. Beste zauritu bat Kanariar Uharteetara eraman dute egun hauetan. Gainerako 14 zaurituek Madrilgo erietxeetan banatuta jarraitzen dute. Larrien dagoen 44 urteko emakumeak, oso larri jarraitzen badu ere, hobera egin duela adierazi dute osasun zerbitzuek. Beste gizonezko batek oso larri jarraitzen du, eta gainerakoek egoera egonkorra dute.

Informazioa emateko guneak

Spanair aire konpainiak, iragarri moduan, bulegoa zabalduko du gaur Kanaria Handiko Las Palmasen, biktimen senideek kalte-ordainak jasotzeko egin behar dituzten izapideak errazago egin ahal izan ditzaten, eta behar duten informazioa eskuratu ahal izateko. Zentroa «premia dagoen bitartean» martxan egongo dela jakinarazi dute. Telefono zenbaki bat ere (900-85 00 92) jarri dute biktimen senideei informazioa emateko, eta dagoeneko bertan 302 telefono dei erantzun dituztela esan zuten atzo. Hildako edo zauritu bakoitzeko 25.000 euroko kalte-ordaina jasotzeko zer egin behar den azaltzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.