Eusko Legebiltzarrak Iñaki Goioaga, Jokin Bildarratz eta Tontxu Rodriguez izendatu zituen parlamentuko ordezkari Espainiako Senaturako otsailaren 5ean. Rodriguezek hamar urte egin ditu Barakaldoko alkatetzan, eta, "ardura bikoitzak" saihesteko, alkate izateari utziko dio.
Gaur eman ditu Rodriguezek erabakiaren inguruko azalpenak. Besteak beste, Jose Antonio Pastor PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusiak babestuta egin du agerraldia. Nabarmendu du Barakaldo "hobea" utzi duela "hiri gisa", eta gehiago izan direla herritarrengandik "gertu" egindako lanak utzitako gozoak gaziak baino.
Zinegotzi izateari ere lagako dio Rodriguezek. Ezohiko udalbatza egingo dute hilaren 28an, Rodriguezek kargua uzteko. Hortik aurrera, hamar egun izango ditu Rodriguezek beste bilkura batera deitu eta alkate berria izendatzeko; egungo udal gobernuko bozeramaile Alfonso Garciak ordezkatuko du karguan.