Gizonezko bat hil da bart gauean Barakaldon (Bizkaia), ustez hiru gaztek jipoitu ondoren. Barakaldokoa zen gizona, eta 40 urte zituen. Udaltzaingoak 20 eta 22 urte bitarteko hiru gazte atxilotu ditu goizaldean bertan, hilketarekin zerikusia izan dezaketelakoan.
Hainbat lekukok Udaltzaingoari abisua eman ondoren, udaltzainek San Bartolome kalean topatu dute 40 urteko gizonezkoa, 03:15 aldera, sudurretik odola zeriola. Minutu batzuk geroago udaltzainek hiru mutil atxilotu zituzten; 22 urteko bi bilbotar, eta 20 urteko espainiar bat.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berri eman duenez, bertaratutako anbulantziek ez zuten zauritua osatzerik izan, eta 04:15 aldera hil zen. Ertzaintzak hartu du ikerketaren ardura. Oraindik ez da zehaztu zergatik gertatu zen erasoa.
Gertatutakoa gaitzetsi du Barakaldoko alkate Tontxu Rodriguezek: “Legearen pisu osoa eror dadila basakeria hau egin dutenengan, eta justizia egin dadila”. Egindako lanagatik udaltzainak zoriondu ditu Rodriguezek, eta babesa adierazi die hildakoaren senide eta lagunei.
Ezbeharra gertatu den tokitik gertu bizi diren hainbat lagunek salatu dute asteburuetan "istiluak" izaten direla inguruan.