POLITIKA

Barcina: "Ez da Catalan UPNko presidentetzara aurkezteko une egokiena"

Hilaren 17ko kongresuan UPNko presidentetzara bi hautagai aurkezteko une egokiena ez delakoan dago Barcina. Alderdiak lana batera egin beharko lukeela uste du, eta gobernua babestu beharko lukeela.

2013ko martxoaren 8a
11:34
Entzun

Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak azaldu du ez dela UPNn eztabaidak izateko "une egokiena". Hilaren 17an egingo duten UPNko kongresuaren harira egindako adierazpenak dira horiek, eta presidentetzara bi hautagai aurkeztearen ondorio dira azalpenak. Azaldu du ez dela une egokiena Alberto Catalan presidentetzara aurkezteko. "Egokiagoa" litzateke, haren aburuz, duela lau urte aurkeztea, eta ez orain, gobernua egoera zailagoan eta ahulago dagoelako.

"Zailtasun politikoak ditugun garai batean gaude, eta egia esan behar dut: ez da desiragarria UPNko presidente izateko bi hautagai izatea". Baina nabarmendu du alderdia "demokratikoena" dela, ordezkari bakoitzak boto bat emateko aukera duela eta nahi duen oro aurkez daitekeela presidentetzara. "Une honetan bi hautagai gaude; gure proposamenak azaldu, eta ordezkarien babesa lortu beharko dugu", adierazi du Barcinak.

Catalanek duela lau urte Miguel Sanz presidentea zenean eta Barcinak presidentetza hartu zuenean ere presidente izateko asmoa eta gogoa zuela uste du Barcinak. "Baina une horretan ez zen aurkeztu, eta niri askoz ere egokiagoa irudituko litzaidake orduan egitea", zehaztu du. Hala ere, Catalanek bi une horietan aurkezteko eskubidea zuela gogorarazi du Barcinak, baina orain alderdiak batera lan egin beharko lukeela eta gobernua babestu behako lukeela uste du.

Gaineratu du, gertatzen dena gertatuta, Barcinak desio duela alderdia kongresutik indartsu ateratzea. "Alderdia indartsua bada, gobernua indartsuagoa izango da, eta hori behar dugu zailtasun ekonomiko eta politikoen garai honetan", adierazi du. Bestalde, esan du alderdiaren babesa edukitzea gustatuko litzaiokeela egoera ekonomikoaren aurrea lanean jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.