Nafarroako Politika orokorreko eztabaida

Barcina, oposizioaren oposizio

Nafarroako presidenteak "egonkortasun itun bat" eskatu dio PSNri. Azkenaldian PSN egiten ari den mugimenduen aurrean, gaur "bazterketarik gabeko aldaketarako akordioa" proposatuko du EH Bilduk. Jarraitu zuzenean politika orokorreko eztabaidaren kontakizuna bideoz eta Twitter bidez.

2013ko urriaren 3a
18:01
Entzun

Nafarroako Parlamentuan politika orokorreko eztabaida izango da gaur eta bihar. Yolanda Barcinak inoizko oposizio gogorrerari aurre egiten ari da, bainagaur indartsu atera da bere gobernua defendatzera, eta alderdi guztiak egin ditu Nafarroako krisiaren zer edo zeren erantzule. Lehenik eta behin, PSNri leporatu dio bere esku dagoena egiteko ez dagoela prest, UPNrekin akordiorik eginez gero Nafarroa askoz egoera hobean egongo litzatekeela; horregatik,  "lehentasunezkoa" da UPN eta PSN batzen dituena berreskuratzea, ez baitu ikusi ere egin nahi "30 urteren ondoren PSNk nazionalismoaren marra gorria igarotzea".

Presidenteak ez ditu hauteskundeak aurreratuko; hori hasieratik nabarmendu nahi izan du, eta PSNri eskatu dio EAJk eta PSE-EEk EAEn egin duen antzeko itun bat: 25 neurri konkretu proposatzen ditu bost gai nagusitan bildutakoak. Ziurtatu du itunaren borondatetik "zentimetro bat ere ez" ez dela mugitu, batzuetan itun txikiak eginez, eta bestetan handiak, baina akordioetara heltzeko borondatea "UPNren DNAn" dagoela.

Inork zalantzak baditu legegiltzaldia amaitu arte jarraituko duela esan du, lau urterako aukeratu zutelako. Oposizioak hauteskundeak nahi baditu "demokraziaren bideak erabil" ditzala eskatu dio. Oposizioak "bikoa, hirukoa edo laukoa" osatu eta goberna dezake, baina egiten ez badu "gobernatzen uzteko" eskatu du.

PSNren erantzuna

Barcinak "ez du sinesgarritasunik" itun bat proposatzeko. "Nafarroarekin konpromisoa" du PSNk, baina "horrek ez du derrigortzen UPNrekin itunak egitera". Roberto Jimenezek Barcinari emandako erantzuna hori izan da."Duintasun politikoa izango balu joan egin beharko luke. Lotsak jota nengoke. Milaka familiaren sufrimendua ikusita ez dakit nola dagoen eserlekuari lotutra". Nafarroak "krisi hirukoitza" jasaten duela uste du Jimenezek: "ekonomikoa, soziala eta instituzionala", eta gutxiengoan ari den gobernua, "presidenteak hala nahi duelako". Bere ustez, "koma egoeran" dago gobernua. Une honetan legebiltzarraren osaerak ez du alternatibarik sortzen uzten, PSNko ordezkariaren ustez, eta horregatik, "hauteskundeetara deitu beharko luke Barcinak, beste gobernu bat osatzeko".

EH BIldu

Maiorga Ramirezek, EH BIlduren izenean, "zinismoa" alde batera utz dezala eskatu dio, eta hauteskundeetara dei dezala: "Nafarroaren alde egin dezazu". 2015 urtera arteko gobernua "luzeegia" da, eta "Nafarroa porrotera eramaten" ari baita. Yolanda Barcinaren kudeaketa plana "iragana" dela uste du Ramirezek, eta "gehiengo sozial berrien alde" egin du.

Joan den urte politikoan EH Bilduk Barcinaren aurka zentsura mozioa aurkeztu zuen, baina ez zen aurrera atera, PSNk ez zuelako bat egin. Barcinari dimisioa emateko eskatu bai, baina ez dute sozialistek EH Bildurekin bat egin nahi. Mugimenduak nabari dira orain ere, baina beste norabide batean: gero eta ageriago dago PSNk Ezkerrarekin eta Geroa Bairekin aldaketa osatzea nahiko lukeela.

EH Bilduk gaurko eztabaidari begira "bazterketarik gabeko aldaketarako akordio handia" lortzeko eskatu die oposizioko gainerako indar politikoei. Maiorga Ramirezek atzo adierazi zuen garai berriek eskatzen dutela iraganeko irizpideak albo batera uzteko. "Nafarroako historiak zoritxarrez erakusten du behin eta berriz sektore ezkertiar eta aurrerakoien arteko bazterketa UPNren mesederako dela". Arduraz jokatzeko eskatu du, "hauteskundeetako kalkulu taktikoetatik ihes egiteko".

PSNren asmoak ikusirik, UPNren barruan Miguel Sanz lehendakariak herenegun Yolanda Barcinari eskatu zion PPrekin ituna hausteko eta PSNrekin akordioa erdiesteko. Barcinak, ordea, erantzun egin zion, eta PPren botoekin izan zela presidente aurpegiratu zion. "Ni naiz hauteskundeetara UPNrekin bakarrik aurkeztu den presidente bakarra, eta harro nago". Gaineratu zuen, hala ere, PSNrekin akordioa egiteko lanean ari dela. Azkenik Bildu egin zuen Sakanan bizi den krisi ekonomikoaren erantzule.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.