Politika

Barcinak "ahal bezain laster" egin nahi du akordioa PSNrekin, gobernu ituna hauts ez dadin

Nafarroako Gobernuko presidenteak dio PSNk ituna hautsiz gero UPNk ez duela Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko aukerarik. Astebete iraun du PSNk UPNren murrizketen aurrean izan duen jarrerak. Nafarroako gobernuburua PSNko buruarekin batzartu da, eta bost puntu adostu dituzte. UPNk 132 milioi murriztu nahi ditu, AHTaren 134ak ukitu gabe.

2012ko ekainaren 8a
17:30
Entzun

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak ziurtzat jo du PSNrekin "ahal bezain laster" lortuko dutela akordio bat, UPNk eta PSNk "eginbehar hori" dutelako. Onda Cero irratian gaur emandako elkarrizketa batean berretsi du gobernu itunak huts egiten badu  "gobernagarritasuna askoz zailagoa" izango dela.

Barcinak onartu du egoera "zaila" dela, ituna hautsiz gero UPNk Nafarroako Legebiltzarrean gehiengo osoa lortzeko aukerarik ez baitu ikusten. Barcinak esan du nazionalistekin ez lukeela "inoiz" itunik egingo, Nafarroa foru erkidego gisa "desagerrarazi" nahi dutelako.

Nafarroan krisia gainditzeko bidean jarri da gobernua. Atzo arratsaldean batzartu ziren Barcina eta Roberto Jimenez presidenteordea, eta, iluntzean igorritako oharraren arabera, krisia gainditzeko gida-lerroak hitzartu dituzte.

Krisia aurreko astean sortu zen, 132 milioi euroren murrizketak atzera bota ezean Jimenezek iradoki zuenean PSNk gobernua utziko zuela, presazko agerraldi batean. Asteartean jada Jimenezek egoera hori bideratzeko nahia agertu zuen, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin batera egin zuen agerraldian.

Irizpideak bai, baina neurririk ez dute adostu

Alde batetik, Nafarroaren egungo egoera ekonomikoa aztertuko dutela adierazi dute Barcinak eta Jimenezek, gobernu krisia bideratzeko. Bigarrenik, gastuen eta diru sarreren beharrak ezarriko dituzte. Behar horiei erantzuteko formula negoziatuko dute gero.

Negoziazio horren emaitza gobernu akordio batera eramango dutela esan dute oharrean, eta bertan hitzartutako ondorioek ostiralean hartutako foru agindua "ordezkatuko" dute. Azkenik, gobernu ituna berriro formulatuko dute, Nafarroaren egungo baldintzetara egokitzeko asmoz.

Irizpide horien arabera hartuko dira erabakiak. Irizpideez haratago, ordea, neurri zehatzik ez dute adostu. UPNk alde bakarrez erabaki zuen 132 milioi euroko murrizketak egitea, baina AHTaren lanak ukituko ez dituztela esan zuen arren, murrizketaren nondik norakoak aurrerago zehaztekotan geratu zen Alvaro Miranda Ekonomia kontseilaria.

Mirandak bere agerraldian esan zuen, gaur zortzi, urte hasieratik %13,5 gutxiago jaso dutela zergetan: "Beherakada handia da hori". Murrizketa urte bukaeran %1,5eko defizita ez gainditzeko aitzakiarekin egin nahi zuen, Espainiako Gobernuak ezarritako muga ez gainditzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.