Barcinak dio «arrazoizko ulertzea» dutela PSNrekin

«Bereziki» nafarrengan pentsatzeko eskatu dio Rubalcabak Jimenezi, gobernu hitzarmenari eutsi nahi badio

Erredakzioa
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako hauteskunde orokorretarako UPNk Nafarroako PPrekin zerrenda bateratu bat aurkezteko akordioa berretsi duela-eta, eta horrek Nafarroako Foru Gobernuan izan dezakeen eraginaren inguruan, Yolanda Barcina Nafarroako eta UPNko presidenteak adierazi du PSNrekin «arrazoizko ulertzea» dutela. Era horretan, alde batera utzi nahi izan du UPN-PP akordioak Foru Gobernua «arriskuan» jartzeko aukera.

Gainera, azaldu du UPNren botoak Madrilen ez duela «zerikusirik» PSNrekin gobernua osatzeko sinatutako hitzarmenarekin, eta hori adierazten dela akordioan.

PPrekin egindako itunari buruz, berriz, adierazi du ez dela lehendik zuten «bera», baina UPN eta PP alderdien jarrerak «antzekoak» direlaEspainiako Kongresurako zentro-eskuineko alderdiak koalizioa osatu, eta zentro-eskuineko hautagaia bozkatzeko garaian.

Bestalde, PSNk erabakitzen duena «errespetatuko» duela adierazi du Alfredo Perez Rubalcabak, Espainiako Gorteetarako PSOEko presidentegaiak. Hori bai, PSNk gobernu akordioari eutsi nahi badio, «bereziki» nafarrengan pentsatzeko eskatu dio Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiari.

Era berean, «azalpen kongruente bat» emateko eskatu dio Barcinari, eta hauxe esan du: «Ez zait iruditzen bat datozen jarduerak direnik Nafarroako Gobernuan PSOErekin akordioa egitea eta PPrekin hauteskunde zerrenda osatzea».

Horrez gain, azaldu du norbait gobernu batean «sartzen» denean, «oso ondo» pentsatu behar duela «zertara» sartzen den; eta irten nahi badu ere, «oso ondo» pentsatu behar duela.

Barcinak, baina, esan du Nafarroa herrialde «konplexua eta desberdina» dela. Hori hala, azaldu du jakinaren gainean zeudela Aralar EArekin, Alternatibarekin eta ezker abertzalearekin batuko zela, eta indar abertzaleak «lehen indarra» izango zirela; eta, bere ustez, ezin da «onartu» Nafarroan «sinesten» ez dutenak —«Bilduko edo NaBaiko nazionalistak»— Nafarroaren «ahotsa» izatea Espainiako Kongresuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.