"Oso argi daukat ustelkerian nahastuta dagoen pertsona batek ez duela alderdi politiko batean egon behar, baina kasu honetan ez dago ustelkeriarik", esan du Barcinak. Justiziarenganako "errespetu osoa" ere agertu du: "Ikusiko dugu zer esaten diguten auzitegiek".
Barcinaren ustetan, diru sariak "Nafarroako Kutxa bezalako erakunde kaudimendun batek ordainduta, zuzendaritza organoek onartuta eta Ogasunari aitortuta" daude. Diru sari horiek "demokrazia guztian" kobratu direla gaineratu du.
Bestetik, CANeko Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorraren bileretan parte hartu eta dietak kobratzeagatik eroskeria delituen zantzuak antzeman izanaren gainean ez du iritzirik eman izan nahi. Justiziaren lana "errespetatzearen alde" agertu da.
Barcinaren aurkako mozioa, hilaren 18an
Bilduk eta Aralar-NaBaik Barcinaren kontra aurkeztutako zentsura mozioa hilaren 18an eztabaidatuko dute. Atzo Geroa Baik iragarri zuen horren alde bozkatuko duela; hala ere, PSN eta Bilduren artean ados jartzeko ezintasuna kritikatu du koalizioak.