"Nire buruaren gainetik jarriko dut Nafarroa", erantzun du Barcinak. Ez ditu alde batera utziko nafarren "erantzukizunak", alegia, bere karguan jarraituko du Gorenak inputatu edo ez erabakitzen duen arte. Gutxienez ordura arte, ez baitu zehaztu noiz hartuko duen erabakirik: inputatzen dutenean —hala erabakiko balu Gorenak—, edo auzipetzerik balego. Gorenaren esku asko luza daiteke prozesua.
Maria Paz Benito epaileak erabaki du Barcina inputatu edo ez erabakitzeko eskaera Espainiako Auzitegi Gorenari bidaltzea. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi du Maria Paz Benito epailearen erabakia. Orain arte Benitok berak izan du auzia esku artean, baina bere aburuz "nahitaezkoa" da Barcinak inputatu gisara dekaratzea, eroskeria delituaren zantzuak antzeman dituelako. Aurreko astean jada galdetu zien auzian parte diren aldeei horren inguruan. Fiskala auzia Espainiako Auzitegi Gorenaren esku uztearen aurka agertu zen.
Barcina inputatuz gero, dieten auzian bosgarrena litzateke, Miguel Sanz presidente ohia, Enrique Maia Iruñeko alkatea, Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilari ohia eta Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohiarekin batera. Dena den, Gorenaren auzie Gorenaren esku geratuko balitz, asko luzatuko litzateke prozesua.
Eroskeria delitu zantzuak
Lehen hiruak bezala, Barcina CANeko Batzorde Iraunkorreko kide izan zen, eta hainbat dieta kobratu zituela inork jakin gabe. Batzorde Iraunkorraren izatea bera ezezaguna zen auzia lehertu arte. Epaileak susmatzen du dieta horiek ez dutela oinarri juridikorik, eta eroskeria delitua antzematen du.
Barcina foruduna denez, baina, auzia Espainiako Auzitegi Gorenak hartu beharko luke, eta horregatik bidali du Benitok Madrilera inputatu edo ez erabakitzeko. Barcinari dimisioa emateko eskatu diote behin baino gehiagotan oposizioko alderdiek, baina horrek uko egin dio. Maiak ere ez zuen dimititu.
Barcina, auzia Nafarroaren kontrako eraso batekin lotuz
Atzo bertan Nafarroaren aurkako eraso batekin lotu zuen auzia presidenteak, Nafarroako Parlamentuan Bilduk eskatuta egin behar izan zuen agerraldian. "Inoiz ez zaie Nafarroako Kutxa axola izan. Pentsatzen dute orduan eta okerragoa izan egoera orduan eta hobea dela", adierazi zuen atzo Barcinak.
Etzi manifestaziora deitu du Kontuz-ek. Barcinaren dimisioa eta CAN auzia Nafarroan geratzeko eskatuko dute Iruñeko kaleetan. Nafar guziei manifestazioan parte hartzeko deia egin die, "ideologia eta iritzi politikoak alde batera utzita".
"Barcinaz gain Nafarroak etorkizuna du"
Kontuz-ek gaur eguerdian jakitera eman duenez, aspaldiko mobilizazio handiena izatea dute helburu. Alderdiei dagokienez, UPN, PSN eta PPk salbu gainerakoek bat egin dute. Alderdi sozialistako sektore kritikoko kideek eta militanteek, dena den, jakitera eman dute manifestaziora joango direla. Sindikatuen kasuan, besteak beste, ELA, LAB, Hiru, CGT eta ESK-k bat egin dute. CCOOko eta UGTko zuzendaritzak ezezkoa eman dute, baina Kontuzen arabera, militante askok bat egiten dute protestarekin.
Era berean, gizarte, kultur eta kirol elkarte anitzek eman dute baiezkoa. "Batasun guzti hori itxaropentsua izatea nahi dugu. Barcinaz gain, Nafarroak badu etorkizuna".
Maria Paz Benito epailea egiten ari den lana txalotu du Kontuz elkarteak. Epaile instruktoreak presio handia jasaten ari da, eta horren seinale, Iruñeko abokatu talde batek agiri bat sinatu du epailearen alde. Era berean, Kontuzek gaitzetsi egin du fiskaltzak hasiera batean uko egin ziola dieten auzia ofizioz ikertzeari eta orain inputatuen tesiekin bat egiten duela deitoratu du.
Pablo Ibañez Kontuz-eko kide eta abokatuaren arabera, Benito epaileak Gorenera igorritako autoa "ondo arrazoitua" dago, eta egungo prozedura aintzat hartuta, "erabat beharrezkotzat" jo du. Bere esanetan, defentsak jarritako eragozpenak behar bezala argudiatu ditu eta orain Gorenaren esku egongo da erabakitzea. Instruktore bat izendatu, alde guztiak deitu eta Maria Paz Benito epaileak arrazoitu bezala, delitu zantzurik ikusten duen argitu beharko du Gorenak.
Kontuz-eko kideek gogorarazi dutenez, dena den, dieten auzia ikerketa judizialaren adar bat baino ez da. Auzi nagusia Auzitegi Nazionalean dago, eta honez gero, 12 liburuki bilduta baditu Eloy Velasco epaile instruktoreak.