PSNren, NaBairen, Bilduren eta Ezkerraren eskaera baztertuta, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak jakinarazi du ez duela konfiantza mozioa aurkeztuko parlamentuan. NaBairi erronka bota dio: aurkez dezala zentsura mozioa. "Pentsatzen badu lehendakari honek ez duela gobernatu behar, egin behar duena zentsura mozioa aurkeztea da", esan du Barcinak, gaur.
NaBaik parlamentuan egindako galderari bati erantzunez esan ditu horiek Barcinak. Azaldu du konfiantza mozioa aurkezteko ahalmena berak baino ez duela, eta bere xedea "erkidego hori egonkortasuna ematea" dela.
UPN gobernuan bakarrik dago orain, PSNrekin koalizioa hausti ondotik. Parlamentuan gutxiengoan da, gainera: UPNk 19 aulki ditu, PSNk 9, NaBaik 8, Bilduk 7, PPk 4 eta Ezkerrak 3.
Aralarrek, ezker abertzaleak eta EAk Nafarroan bozak aurreratzeko eskatu zuten atzo, baina horri ere uko egin dio lehendakariak. "Bozak deituz gero administrazioa geldirik genuke eta herritarren arazoak konpontzeko neurri garrantzitsuak ez lirateke hartuko".
Patxi Zabaleta NaBaiko bozeramaileak esan dio bere garaian PSNren babesa ere jaso zuela lehendakari izendatzeko, eta gaur egun jakin beharko lukeela haren babesa baduen. "Juridikoki ez dago behartuta konfiantza mozioa aurkeztera, baina demokratikoki bai".