Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritza berriarekin "harreman ona" izan nahi duela, eta, horretarako, "errespetu instituzionala" eskatu du. "Errespetua baldin badago, harremana ona izango da, eta hori nahi eta desio dut, hartu-eman ona eta errespetu instituzionala izatea Aragoi, Errioxa eta EAEerekin".
Igandean izan ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta EAJ nagusitu zen, 27 aulkirekin. EH Bilduk 21 lortu zituen, PSE-EEk 16, PPk 10 eta UPDk 1. Oso litekeena da Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea izatea Jaurlaritzako hurrengo lehendakaria. Legealdi honetan Patxi Lopez (PSE-EE) da.
EAJk atzo jakinarazi zuen asteartean EH Bildu eta PSE-EErekin batzartuko dela eta hurrengo egunean PP eta UPDrekin.