Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak "tartean sartzea" leporatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Nafarroako hezkuntza politikari dagokionean. Gipuzkoako aldundiak atzo jakinarazi zuen 24.000 euro emango dizkiola Lodosako Ibaialde ikastolari, zentroan dituzten arazo ekonomikoetan laguntzeko. Hezkuntza arloko erabakiak "Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak" hartzen dituztela gogoratu du Barcinak.
Aldundiaren diru laguntza "esku sartze hutsa" da, Barcinaren iritziz. Horrekin batera, krisi garaietan Bilduk Gipuzkoan beste beharrizan batzuk ez ote dituen jarri du zalantzan, Nafarroako hezkuntza zentro bati dirua eman aurretik.
Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak "nafarrak bakean uzteko" eskatuko dio Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari. Garitanok ikastolaren arazoari "irteera duina" emateko eskatu zion atzo Nafarroako Gobernuari.
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak Barcinaren adierazpenei erantzun die, eta haren ustetan, "batzuei min ematen die euskararen alde lan egiten dela ikusteak".