Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak 2015eko foru hauteskundeetarako UPNko hautagai izango dela iragarri ondoren, PSNko zuzendaritzako bozeramaile Javier Remirezek balorazioa egin du. Uste du Barcina ez dela "Nafarroako etorkizunean begiztatzen", hura "murrizketen, ezegonkortasunaren eta akordioak egin eta horiek betetzeko ezgaitasunaren sinonimo" delakoan.
"Barcinaren legealdia Nafarroako aniztasuna ulertzeko izan duen ezgaitasunak baldintzatu du", ohartarazi du Remirezek: "Sozialistontzat, Barcina Nafarroako ezegonkortasunaren bermea izan da, da eta izango da".
PSNren apustua "aldaketa lasaia formetan eta sakona mamian" egitea dela azaldu du Remirezek, Nafarroa "foru erkidego gisa" defendatuz eta bestelako politika ekonomiko bat ezarriz.
[Youtube]http://youtu.be/FAqnCz8RnS0[/Youtube]
Barcinaren adierazpenez hitz egin du Sortuko presidente Hasier Arraizek ere. Esan du Barcinarekin "ados" dagoela: "Esan zuen UPNren alternatiba erreal bakarra Bildu buru duena dela, eta gu erabat ados gaude; aukera zera da, erregimenarekin eta Barcinarekin jarraitzea, edo ezinbestean Bildu buru izango duen alternatiba bat babestea".
Sortuko udako eskoletan egin zituen atzo adierazpenok Arraizek, Berriozarren. "Azkenaldiko hauteskunde garrantzitsuenak" izango dira 2015eko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak, haren arabera: "Aldaketa politikorako erabakigarria izango da, batez ere Nafarroan".