Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen kontrako auziak bere bidea egin du, Espainiako Auzitegi Gorenak UPDk jarritako helegitea atzera bota ondoren. Azken aukera izan da UPDrena, ez baitago helegitea jartzeko aukera gehiagorik.
Gorenak Maria Paz Benito epaile instruktorearen azalpen arrazoitua aintzat hartu ez, eta Yolanda Barcina ez inputatzea erabaki zuen uztailaren 24an, dieten auzian ez zegoela deliturik erabakita. Epai haren ondotik, Benito epaileak auzi osoa artxibatu zuen. UPDk, berriz, uztaileko epaiari errekurtsoa jarri zion, eta tramitera onartu zuen Gorenak, baina azkenean Barcina ikertzeko ez dagoela arrazorik argudiatuta artxibatu du.
Gorenak autoan azaldu zuenez, gaitzespen "moral, etiko eta politikoa" egon daiteke, baina horiek ez dira delitu osagarriak, Benitok uste zuen bezala.
ruñeko instrukzio epaileak abuztuaren 30ean artxibatu zuen eroskeria delituagatik kutxako Batzorde Iraunkorrean aritutako hainbat kideren aurka ireki zuen auzia. Kausa horretan inputatu gisa deklaratu zuten Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiak, Alvaro Miranda Ekonomia Kontseilari ohiak eta Enrique Maia Iruñeko alkateak. Uztailaren 24an Yolanda Barcina ez inputatzeko Auzitegi Gorenak hartu zuen erabakiak, ordea, jokaleku gabe utzi zuen Benito.