euskal herria

Barcinari tartak botatzeagatik auzipetutakoek jaso ditzateken zigorrak "neurriz kanpokoak" direla salatu du AHT Gelditu-k

Kasua artxibatzeko eta inputatuak absolbitzeko eskatu du Raul Oloriz AHT Gelditu-ko kideak gaur. Hilaren 21erako manifestazioa deitu dute Iruñean, AHTaren aurka.

2012ko apirilaren 10a
15:44
Entzun

AHT Gelditu plataformak gaur Iruñean egindako agerraldian salatu du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariari aurpegira hiru tarta botatzeagatik auzipetutakoek jaso ditzaketen zigorrak "neurriz kanpokoak" direla, eta "kasua artxibatzeko" eta inputatutakoak absolbitzeko eskatu du.

"AHTaren inguruko guztia neurriz kanpokoa da, proiektua bera, kostu ekonomikoa, ingurugiroan duen eragina eta baita oposizioaren kriminalizazioa ere", azaldu du Raul Oloriz AHT Gelditu-ko kideak.

Horrekin batera, apirilaren 21ean AHTaren aurkako manifestaziora biltzeko deia egin du. Iruñean izango da, 18:00etan, Gaztelu plazatik abiatuta, eta Entzungo gaituzte: TAV-AHT gelditu leloa eramango dute.

AHT Gelditu-k hilaren 12rako AHTaren obretara bisita antolatu du, eta parlamentuko kide guztiei egin diete gonbita, "obra horren eraikuntzak suposatzen duenaren lekuko" izan daitezen.

Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Ibon Garcia Garrido, Julio Martin Villanueva, Mikel Alvarez Forcada eta Gorka Ovejero auzipetu ditu, Barcinari aurpegira hiru tarta botatzeagatik. Iazko urriaren 27an egin zuten ekintza, Okzitaniako Tolosan, abiadura handiko trenaren aurka daudela agertzeko.

Autoritateen kontrako delituagatik auzipetu ditu Pedrazek, eta epaiketan lau eta hamar urte arteko kartzela zigorra jasotzeko arriskua izango dute. Mugitu! mugimenduko kideak dira Garcia, Martin Villanueva, Alvarez eta Ovejero. AHTak Euskal Herri guztian eragiten dituen "inpaktu ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak" salatu nahi izan zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.