Datorren astean, Bardeako tiro poligonoan, Nafarroako Erriberan, Ekaitza operazioa egingo dute Espainiako armadako hegazkinek, benetako munizioa erabiliz. Hori salatzeko eta Bardea herriarena dela aldarrikatuz manifestazioa egin dute gaur eguerdian Tuteran.
Orotara, 250 lagun inguru bildu dira Bardea herriarentzako lelopean, eguerdiko 12:00etarako deitutako protestan. Haren amaieran, antolatzaileek gogor salatu dituzte Espainiako armadak eskualde hartan urtero egin ohi dituen maniobra militarrak, eta eskatu diete erakunde zein instituzioei presio egin dezatela Espainiako armadari Bardea erabiltzea ahalbidetzen dion kontratua luza ez dadin. Egun indarrean dagoen hitzarmena 2018an amaituko da.
Ez da lehen aldia, Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzarrak halako eskaera bat egiten duena. Iazko irailean ere, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Erriberan egindako ariketa militarrak medio, antzeko eskaera egin zuen. Alegia, egin zitzatela urratsak tiro eremua ixtea ahalbidetzeko. "Erakundeok presioa egin dezakete; akordioak egin ditzakete, helburu hori lortzeko bidean", nabarmendu zuen Batzarreko eledun Milagros Rubiok.
Nafarroako Legebiltzarrak berak egina du eskaera tiro eremua bertan behera uzteko. Mozioa babestu dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta Ezkerraren parlamentariek. UPN, PSN eta PPN, berriz, aurka agertu dira. Eremua desegiteko ez ezik, ariketa militarrak eta bonbardaketak ere bertan behera uzteko eskatu dute, direla Espainiako armadarenak, direla NATOko kide diren gainontzeko estatuek egiten dituztenak.