Gizartea

Bardeako Juntak Espainiako armadaren tiro eremuarekin segitzea erabaki du, 240 milioi euroren truke

Espainiako Defentsa Ministerioarekin adostutako akordioa bozkatu dute gaur juntako 22 erakundeek, eta 21 alde azaldu dira -Azkoien azaldu da aurka-. Armadak 1951tik erabiltzen du eremua entrenamenduak egiteko. Hogei urtez luzatuko dute hitzarmena. Ostiralean izenpetuko dute akordioa, Madrilen. Eremuaren aurkako kideei ez diete gaurko bilkuran hitza hartzen utzi.

2008ko abenduaren 17a
16:37
Entzun
Bardeako (Nafarroa) Juntak ofizialki gaur erabaki du Espainiako Defentsa Ministerioarekin adostutako akordioaren alde egitea eta hitzarmenarekin jarraitzea. Junta osatzen duten 22 entitateak goizeko hamarretatik ezohiko bilkuran bilduta egon dira, boza emateko. 21 alde azaldu dira. Azkoiengo Udala izan da aurka azaldu den bakarra.

Juntak beste hogei urtez luzatuko du hitzarmena, 240 milioi euroren truke, Espainiako aireko armadak Bardean entrenamenduak egiten jarraitzeko. Ostiralean sinatuko dute akordioa, Madrilen.

Udal gehienak UPN eta PSNren esku daude, eta bi alderdiok 1951. urteaz geroztik Bardean dagoen tiro eremuarekin segitzearen alde agertu dira; Nafarroa Bai, ezker abertzalea eta IUN, kontra.

Bardearen Aldeko Manifestuko taldekoek hitzarmena ez berritzeko dei egin dute azkenaldian ere. Lehengo igandean, kasu, manifestazioa egin zuten Tuteran. Gaur bilkuran hitza hartzen saiatu dira baina ez diete utzi. Tentsio uneak bizi izan dira orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.