Nafarroa

Bardeako tiro eremua desegiteko eskatu du Nafarroako Parlamentuak

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren babesa jaso du testuak. Barkosek onartezintzat jo du segurtasun eremutik kanpo tiroak egon izana, eta joan den astean gertatutakoa ikertzeko eskatu du.

Bardeetako tiro eremua desegitzearen aldeko manifestazioa, joan den ekainean. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
arantxa elizegi egilegor
2015eko uztailaren 31
18:52
Entzun

Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzordeak eta mahaiak eskatu dute Bardeako tiro eremua desegiteko. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak babestutako testuaren arabera, "behar-beharrezkoa da Defentsa Ministerioak Bardeako tiro eremua desegitea, gizartearen, ingurumenaren, bakearen eta segurtasunaren mesedetan".

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak nabarmendu du "onartezina" dela segurtasun eremutik kanpo tiroak egon izana, eta ohartarazi du "prestasun osoz" jokatuko dutela gehiago halakorik gerta ez dadin.

Bestalde, elkartasun mezua helarazi diote joan den astean zauritutako gizonezkoari, eta "gertatutakoa berehala argitzeko" eskatu dute.

UPNk, PSNk eta PPNk testuaren aurka bozkatu dute.

Dena den, joan den asteko gertakaria ez da lehena izan. Martxoan, esaterako, Espainiako armadako hegazkin batek bi bonba bota zituen tiro eremutik kanpo. Orduko hartan, hala ere, ez zen inor zauritu. Madrilek, ordea, ez zuen gertatutakoa aitortu maiatzean Amaiurrek horri buruz galdetu zion arte. Orduan, gertatutakoa ikertzen hasia zela jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak.

Espainiako Defentsa Ministerioak alokatuta dauka lur eremu hori 2028ra arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.