Gizartea

Bardeako tiro eremuaren aurkako martxa eginen dute igandean

Aurtengoa 26. ekitaldia izanen da; gastu militarra gizarte gaietara bideratzeko eskatu du Tiro Eremuaren Aurkako Batzarrak.

edurne elizondo
2013ko maiatzaren 27a
12:55
Entzun

Bardeako Tiro Eremuaren Aurkako Batzarrak martxa eginen du datorren igandean, ekainaren 2an, NATOren azpiegitura militar hori ixteko eskatzeko. Aurtengoa 26. ekitaldia izanen da, eta bereziki nabarmendu nahi du gastu militarren auzia. Diru hori gizarte gaietara bideratzeko eskatu du batzarreko bozeramaile Milagros Rubiok. Gogoratu du hogei hegazkin inguru erori direla tiro eremua martxan denetik eta bakarrik haietako seik 243 milioi euroko kostua izan dutela. "Langabeziak gogor jo du Bardea; gobernuak, gainera, murrizketak ezarri ditu. Tiro eremuan gastatzen den dirua eremu horretako enplegua suspertzeko eta herritarrak laguntzeko erabiltzen ahal da", erran du Rubiok.

1951. urtean zabaldu zuten Bardeako tiro eremua. Geroztik, NATOko hamaika hegazkinek baliatu dute bonbardatzeko. Rubiok nabarmendu du Espainiako armadak urtero egiten dituela ariketa militarrak benetako munizioarekin. "Urteotako guztietako bonbardaketek tiro eremuaren inguruan bizi garenontzat zer-nolako ondorioak izan ditzaketen ez dago argi, ez baitugu batere informaziorik jasotzen". Rubiok erantsi du tiro eremuak hartzen duen tokia Biosferaren Erreserba badela, bai eta Naturgunea ere.

Hamaika alderdik, sindikatuk eta elkartek bat egin dute Tiro Eremuaren Aurkako Batzarrak ekainaren 2rako egin duen deialdiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.