Bizkaiko Barik garraio txartelaren iraungitze masiboaren inguruko azalpenak eskatuko dizkiote Bizkaiko Foru aldundiari urtarrilaren amaieran. Datozen hilabeteetan 150.000 txartel baino gehiago aldatu beharko dituzte erabiltzaileek, eta hiruna euro ordaindu txartel bakoitza berritzeko.
30.000 txartel iraungiko dira otsailean, eta 40.000 martxoan, baina maiatzean 80.000ra helduko da kopurua.
«Egoera honek ustekabean harrapatu ditu herritarrak, eta nahasmena eta ezinegona eragiten ari da garraio publikoaren erabiltzaileen artean», esan du gaur Elkarrekin Podemoseko batzarkide Emilio Lobatok.
Podemosek azalpenak eskatu dizkio Foru Aldundiari, eta urtarrilaren 29an Batzar Nagusietan egingo den kontrol saioan galdetuko dio zer egin asmo duen «arazoa konpontzeko».
Teknologia kontua
Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendari Gorka Ugaldek BERRIAri esan dio kexarekin «harrituta» dagoela. Gertatuko dena normaltzat hartu du: «Urteotan jende askok berritu ditu txartelak, galdu dituelako edo; baina multzorik handienari orain egokituko zaio berritzea, epea beteko dutelako».
Azaldu duenez, txartelei zazpi urteko bizialdia emateko erabakia 2012an hartu zuten, eta publikoa izan da. «Txarteletan ere jartzen du noiz iraungitzen diren».
Arazo teknologiko bat dago iraungitzearen atzean. 2012an, Creditrans txartelak baztertu eta Barik erabiltzea erabaki zuten. Ugaldek azaldu duenez, fabrikatzaileak gomendatzen du txartelak lau urtean berritzea, eta hamar urtetik aurrera ez du bermerik eskaintzen. Azaldu duenez, denborarekin txipak gaizki funtzionatzen has daitezke, eta, besteak beste, «ibilgailuaz aldatzearen inguruko informazioa gaizki ematen».
Barik zabaldu eta lau urtera, txartelen egoera aztertu, eta oraindik ondo zebiltzala ikusi zuten, eta iraungitze epea zazpi urtera aldatzea erabaki zuten. «Aspaldi genekien, beraz. Eztabaida egon daiteke erabakia hartzen denean, baina ez handik zazpi urtera!».
Partzuergoaren datuen arabera, Bizkaiko erabiltzaile bakoitzak 2 eta 3 txartel artean ditu. «Neronek bi ditut: bata neurea eta bestea bisitentzat». Txartel zaharrak baimenduriko lekuetara eraman beharko dituzte erabiltzaileek, eta, esan bezala, hiru euro ordaindu berriengatik. «Hiru euro zazpi urterako ez dakit asko den, baina nortasun agiria berritzeak 12 euro kostatzen du».
Gipuzkoako Mugi txartelak Barikek baino «teknologia» zaharragoa duela esan du Ugaldek.