Bizkaiko Barik garraio txartelaren iraungitze masiboaren inguruko azalpenak eman ditu gaur Bizkaiko Foru aldundiko Garraio diputatu Miguel Angel Gomez Viarrek, kontrol saioan. Datozen hilabeteetan 150.000 txartel baino gehiago aldatu beharko dituzte erabiltzaileek, eta hiruna euro ordaindu txartel bakoitza berritzeko. Egoerak herritarren artean «nahasmena eta ezinegona» eragin duela esan diote Elkarrekin Podemoseko ordezkariek.
Horiek eskatuta eman ditu azalpenak Viarrek. Esan duenez, denera 57.785 azalpen eskaera egin dituzte erabiltzaileek 2019ko abuztutik, urtarrilaren 17ra arte, eta horietatik 1.352 bakarrik egon dira lotuta Barik txartelaren iraungitzearekin. Halere, onartu du ilarak sortu direla txartelak berritzeko hainbat bulegotan. Kalkulatu dutenez, 30.000 txartel iraungiko dira otsailean, eta 40.000 martxoan, baina maiatzean 80.000ra helduko da kopurua.
Elkarrekin Podemoseko Emilio Lobato batzarkideak galdetu du Barik berritzeko beharra ez ote dagoen lotuta zazpi urtetik behin 5,4 milioi euro eskuratzeko asmoekin, eta plastikozko hondakinak alferrik sortzea egotzi dio aldundiari.
Teknologia zaharra
Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendari Gorka Ugaldek urtarrilaren 15ean BERRIAri azaldu zionez, txartelei zazpi urteko bizialdia emateko erabakia 2012an hartu zuten, eta publikoa izan da geroztik. «Txarteletan ere jartzen du noiz iraungitzen diren».
Arazo teknologiko bat dago iraungitzearen atzean. 2012an, Creditrans txartelak baztertu, eta Barik erabiltzea erabaki zuten. Ugaldek azaldu zuenez, fabrikatzaileak gomendatzen du txartelak lau urtean berritzea, eta hamar urtetik aurrera ez du bermerik eskaintzen. Denborarekin txipak gaizki funtzionatzen has daitezke, eta, besteak beste, «ibilgailuz aldatzearen inguruko informazioa gaizki ematen».
Barik zabaldu eta lau urtera, txartelen egoera aztertu, eta oraindik ondo zebiltzala ikusi zuten, eta iraungitze epea zazpi urtera aldatzea erabaki zuten. «Aspaldi genekien, beraz. Eztabaida egon daiteke erabakia hartzen denean, baina ez handik zazpi urtera!».
Partzuergoaren datuen arabera, Bizkaiko erabiltzaile bakoitzak 2 eta 3 txartel artean ditu. «Neronek bi ditut: bata neurea eta bestea bisitentzat». Txartel zaharrak baimenduriko lekuetara eraman beharko dituzte erabiltzaileek, eta, esan bezala, hiru euro ordaindu berriengatik. «Hiru euro zazpi urterako ez dakit asko den, baina nortasun agiria berritzea 12 euro kostatzen da».
Gipuzkoako Mugi txartelak Barikek baino «teknologia» zaharragoa duela esan zuen Ugaldek.