Barizelaren txertoak eztabaida sortu du Nafarroako Osasun Sailean

Haur guztiei jartzeko asmoa du kontseilariak; Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban ez dute aldaketarik eginen

edurne elizondo
IRUÑEA
2006ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Hilaren hasieran Pablo Aldazen dimisioak Nafarroako Osasun Saileko hautsak harrotu zituen. Maria Sol Arangurenek bete du Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuko zuzendariak utzi zuen postua, eta bazter gelditu dira Aldazen erabakia eragin zuten gertaerak. Nafarroako Gobernuak haurren txertoen egutegia aldatzeko asmoa duelako eman zuen zuzendariak dimisioa, batzorde teknikoaren iritzia kontrakoa izan arren, aldaketa horren alde agertu zelako Maria Kutz kontseilaria. «Sailaren politikak 180 graduko bira egin du hainbat arlotan», Aldazen aburuz.

Hasierako zalaparta baretu da, baina ez sakoneko eztabaida. Izan ere, Nafarroak egin nahi dituen aldaketak Madrilgo Autonomi Erkidegoko Gobernuak (Espainia) jada egin dituenak dira. Hau da, PPk zuzentzen duen erkidegoaren bide bera jarraituko luke Nafarroak aldaketak gauzatuz gero, Espainiako Gobernuak markatu duen bidetik at.

Madrilen pneumokokoaren txertoa hasi dira ematen haur jaio berrien artean. Gainera, barizelarena aurreratu egin dute: orain arte hamaika urteko haurrei jartzen zieten, aurretik gaixotasuna pairatu ez bazuten, eta, orain, hamabost hilabete dituztenean jarriko diete. Hau da, haur guztiei.

Nafarroan, oraingoz, ez dute pneumokokoaren txertoa emanen. Baina aldaketa eginen dute barizelarenari dagokionez. Egun, gaixotasuna izan ez duten haurrei jartzen diete, hamar urte dituztenean. Asmoa da txertoa aurreratzea, eta, Madrilen bezala, hamabost hilabeteko umeei jartzea. Espainiako Osasun Ministerioa ez da aldaketa horren alde, eta gogor kritikatu du Madrilek hizpide bateratuak urratu izana.

Nafarroako Osasun Saila bera aldaketa horren aurka agertu zen iazko martxoan. Txertoen Batzorde Teknikoak bilera egin zuen, eta barizelaren txertoa aurreratzeko aukera aztertu ondoren, ezezkoa eman zion. Aurtengo maiatzean hamar urteko haurrei jartzea onartu zuen Kutzen departamentuak. Iritzi aldaketa urrian hasi zen gauzatzen Nafarroan. Hil horren hasieran, barizelaren txertoa hamabost hilabeteko haurrentzat zehaztu zuen Madrilek, eta erabaki horretan atzera egiteko eskatu zion Espainiako Gobernuak. Kutzek, ordea, Madrilen alde egin zuen. Urriaren 30ean, beste bilera bat egin zuen Txertoen Batzorde Teknikoak, eta barizelaren egutegi berriari baiezkoa eman zion. Horren aurrean, Aldazek dimisioa eman zuen.

Osasun Publikoaren Institutuko zuzendari ohiak Nafarroako Parlamentuan azaldu ahal izanen ditu bere erabakiaren arrazoiak. Hori egin arte, ez du gaiaz hitz egin nahi izan kazetariekin. Osasun Sailean ez dira, halaber, txertoen inguruko informazioa zabaltzearen aldeko. Egunkari hau Txertoen Batzorde Teknikoko kide Aurelio Barrikarterekin hitz egiten saiatu da, baina departamentuko kabinete buru Nieves Cipresek ez dio baimenik eman. Ez dio eman nahi izan, gainera, iaz herrialdean jarri ziren txertoen inguruko argibiderik. Zenbat izan ziren, eta zenbateko aurrekontuarekin galdetu, eta ondokoa izan da Cipresen erantzuna: «Informazio hori publikoa bada gure webgunean izanen da; agertzen ez bada, ez da publikoa izanen». Sarean datu zehatzak aurkitzea zaila dela argudiatuz, datuak zuzenean eskatu dizkio hedabide honek kabinete buruari, baina ez dituela erantzun du.

Txertoen Batzordeko kide da, halaber, Enrique Bernaola, Bideko Ama Birjina Ospitaleko sendagilea. Hitz egiteko prest agertu, baina kazetariak ezin izan du, azkenean, harekin harremanetan jarri.

Bernaolak hainbat kongresutan eta hitzalditan agertu du Madrilek egin berri dituen aldaketen aldeko iritzia. Alde agertu da, halaber, Aranguren. Nafarroako egunkari batek elkarrizketa egin zion hilaren 10ean. Barizelaren txertoa haur guztien artean banatzeko aukeraz galdetu, eta hau erantzun zuen: «Hagitz ongi iruditzen zait barizelari txerto seguru eta eraginkor batekin aurre egitea».

Bernaolaren lankide da Jesus Elso pediatra Bideko Ama Birjina Ospitalean. Pozik hartu du barizelaren txertoa haur guztiei emateko erabakia. «Zoragarria da. Pediatrontzat erabaki zuzena da».

Espainiako Osasun Ministerioak hamar eta hamalau urte bitartean gomendatzen du barizelaren txertoa jartzea, aurretik haurrak gaixotasuna izan ez badu. Adin hori zehazten du, hortik aurrera gaitzaren ondorioak larriak izan daitezkeelako. Haurrengan gaixotasun arina dena, larria izan daiteke helduengan, hain zuzen ere.

Txertoa umeak gazteago direnean ez dela jartzea komeni dio Ministerioak, gainera: «Adin hori baino lehen gaixotasuna izatea ez delako larria, eta, alderantziz, haren aurrean berezko babesa eskaintzen dio umeari, denbora luzez gainera, bai eta bizitza osorako ere». Ministerioaren agiriak jasotzen du, halaber, denborarekin txertoak eragina gal dezakeela.

Europan, herri askok barizelaren txertoa ez jartzearen aldeko hautua egin dute: Danimarkak, Frantziak, Belgikak eta Erresuma Batuak, errate baterako. Italian hamar eta hamalau urte bitarteko haurrei jartzen diete. Alemanian, berriz, txikitan, haur guztiei.

Madrilgo Gobernuak bere egutegian egin dituen aldaketen atzean laborategien presioa ikusi duenik ere bada. Horixe salatu du Extremadurako (Espainia) Osasun arduradun Pedro Garcia Ramosek. Nafarroan antzekoa gertatu dela uste duenik ere bada Osasunbidean.

EUSKO JAURLARITZAK ALDAKETARIK EZ. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ez dute aldaketarik aurreikusi. Txertoen Batzorde Teknikoak pneumokokoarena egutegian sartzeko aukera aztertu du, baina ez du horren aldeko erabakirik hartu. «Ez dugu modu sistematikoan emanen; orain arte bezala, arrisku egoera berezia duten umeek hartuko dute», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko ordezkari Jose Maria Arteagoitiak.

Eusko Jaurlaritzak iaz erabaki zuen, bestalde, hamar urteko haurrei barizelaren txertoa jartzea, eta bide horretatik jarraituko du, oraingoz: «Ez dago argi behin betiko pauta zein izanen den. Hainbat herrialdetan aldatzen ari da txerto horren egutegia. Guk uste dugu gaixotasunak helduengan eragiten duela arazo gehien, eta, ondorioz, hamar urteko adina jo dugu egokitzat».

Zenbakia



6,6 6,6 milioi euro. Hori da Eusko Jaurlaritzak 2005. urtean haurrentzako txertoak erosteko gastatu zuen diru kopurua. Urte horretan, hain zuzen ere, 411.000tik goiti txerto jarri ziren Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban.

Gipuzkoa. 144.450 txerto jarri ziren 2005ean. Haurren %93-97k jaso zuten txertoa.

Bizkaia. 202.000 txerto jarri zituzten, haurren % 95-98 babesteko.

Araba. 2005ean 65.000 txerto jarri zituzten herrialde horretan. Denera, haurren %96-98k jaso zuten txertoa, beraz, Araban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.