Duela lau mende pasa, Durangoko Merindadeko alkateek erabaki zuten "sorginak jazartzea". Horren ondorioz kartzelara sartu zituzten dozenaka emakume. 1618an geratu ziren aske sorginkeria egotzita Astolako espetxean preso sartutako azken hiru emakumeak.
"Durangaldeko batzarrek eta Bizkaikoek emakume haiekiko izan zuten jarrera Logroñotik (Espainia) edo Madrildik etorritako inkisidoreena baino askoz ere gogorragoa izan zen", adierazi du Ana Otaduik, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, emakume haiek gogoratzeko egindako ekitaldian. Batzar Nagusiek barkamena ere eskatu diete emakume haien ondorengoei, "nahiz eta tamalez, haien izen abizenik ez dugun ezagutzen".
Ekitaldia baliatu dute emakumeen eta gizonen arteko "berdintasun eraginkor eta benetakoa" defendatzeko, "emakumeen aurkako indarkeria behin betiko amaitu dadin". Otaduik berretsi du, baita ere, Bizkaiko historian zeresana izan duten emakumeak ikusarazteko konpromisoa.