Azken bozetako emaitzek behartuta, eta "erantzukizuna" lehenetsita; Geroa Baiko eledun Uxue Barkosek Maria Txibite hautagaiari adierazi dio horiexek bultzatuta jardun dutela Nafarrorako gobernu berri bat lortzeko ituna negoziatzeko prozesuan. Aurreko legealdian lauko gobernuan adostasunerako bidean egindako ahalegina ere bide erakusle izan dutela nabarmendu du. "Izan ere, pluraltasuna ez da arazo. Esperientzia politikoak dio arorik emankorrenak beti izan direla ezberdinen arteko negoziazioaren ondorioa". Horrexegatik, hark eskatutako "konfiantza" emango diote Txibiteri: "Zuhurtziaz". Batera jarduteko asmoz: "Gure aldeko botoa baduzu, baina batzen gaituen hori islatuta ikusi nahi dugu".
Aurreko legealdian Nafarroan egindako aurrerapausoak kontuan hartu behar direla esan dio. Eta horietan oinarritutako "marra gorriak" ekarri dizkio gogora: pobrezia tasan, langabe kopuruan, mendekotasunerako laguntzetan eta osasun artan igaro urteotan egindako hobekuntzetan sakontzen jarraitzeko eskatu dio. Erronka berriak nondik nora zedarritu ere azaldu dio: "klima larrialdia" lehenesteko, eta aldagai ekonomikoa ere sustatzeko. Krisiak lagatako orbanak osatzen jarraitu behar dela esan dio, eta ekonomia indartsuago baten zimenduak jarri behar direla. Eta aholkua eman dio: "Ez gastatu euro bakar bat ere alferrik".
Hitz irmoak izan ditu Navarra Sumako ordezkari Javier Esparzarentzat. "Egungo Nafarroak ez du zerikusirik eskuinak hizpide dituen mantra histerikoekin". Lortu duten itunaren harira egin dituzten kritikekin Nafarroaren izena "zikintzea" leporatu dio.