Uxue Barkos Nafarroako lehendakariaren esanetan Kataluniako hauteskundeek agerian utzi dute elkarrizketaren beharra dagoela. "Gizarteak erantzun berriak behar ditu", esan du. Hori horrela, Kataluniako Parlamentu berriari eta batik bat Espainiako Gorteetarako hauteskundeetatik eratorriko den Espainiako Gobernu berriari erantzukizunez jokatzekon deia egin die.
Barkosen ustez, egoera politiko konplexua da Kataluniakoa "eta orain arte ez da modurik egokienena kudeatu".
PSEko senatari Tontxu Rodriguezek ere elkarrizketaren aldeko deia egin du, bere ustez, "Katalunia bitan zatituta" baitago. Espainiako Konstituzioa berritzeko garaia dela gaineratu du.
EH Bildu: "Independentziaren aldeko bidea hasteko ordua da"
Bestalde, atzo Kataluniako hauteskundeetan herritarrek "argi eta garbi" hitz egin zutela uste du Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkide eta bozeramaileak: "Orain, independentziaren aldeko bidea hasteko ordua da". Independentziaren aldekoek irabazi baitute, "botoetan eta jarlekuetan".
Erakutsi duten heldutasunagatik zoriondu egin ditu kataluniarrak, eta beste guztiei "atea" ireki dietela nabarmendu. "Euskal Herrian ere abian dago euskal estatuaren bidea: Nafarroan aldaketa bidea eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galdeketak egiteko tresna", adierazi du Arraizek.
Bide horretan, "herri honi bide berriak irekiko dizkion akordioak" behar direla esan du, "orain arte ibili ez dugun bidea ibiltzeko".