«Ohore bat da nafar guztiei mintzatzea». Atzean lore gorriak eta Nafarroako bandera zituela, Uxue Barkos gobernuko lehendakariak urte amaierako lehen mezua igorri zien atzo herritarrei. Bost hilabete iragan dira gobernua aldatu eta abian jarri zenetik, eta, hasiera «zaila» izan dela azpimarratu arren, Barkosek ireki berri den garaiari «arduraz eta baikortasunez» aurre egin diola nabarmendu zuen. «Batzuetan asmatu eta besteetan kale egin dugu; agian gobernua ez da abian jarri batzuek uste zuten bezain azkar, baina nahikoa sendoa bada aldaketa lasaia izan dadin eta etorkizunean iraun dezan», agertu zuen Barkosek.
Autokritika zentzua badute hitzok. Izan ere, UPNk hemeretzi urtez jarraian agintzen egon ostean, gobernu aldaketak ilusioa piztu zuen udan sektore ugariren artean. Alta, lehen hilabeteak lur hartzeko, egokitzeko eta gai guztien azterketa egiteko baliatu ditu gobernuak. Azterketa fase horrek iritzi publikoaren aurrean gauzak gehiegi aldatu ez diren itxura eman zezakeen. Horregatik, gobernuak ezarri nahi duen bide orriaren eta estiloaren berri eman du Barkosek: «Ez dira gutxi aurre egiteko ditugun erronkak. Presarik gabe ekingo diogu bideari, urrats sendoak hartuz. Arazoak identifikatu nahi ditugu konponbide onenak zehazteko».
Hauteskunde orokorretako emaitzak egoera politikoa aldrebestu du, baina horren aurrean, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du. «Gobernu sendoa da hau. Horixe da egia, parlamentarien babes argia duelako». Barkosen ustez, lau alderdik elkar ulertzeak «bere balioa eta garrantzia du».
Bere ahaleginean, eskuineko oposizioak Nafarroaren paralisia iragarri du ozen, baina gobernua hasi da bere bidea egiten. Iragan astean zerga erreforma onartu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, eta bi urteren buruan Ogasunak 127 milioi euro gehiago biltzea du xede. «Gehien dutenei esfortzu handiagoa eskatzen zaie, bai», laburbildu du erreforma Barkosek. Urtarrilean, berriz, aurrekontuak onartuko dituzte. «Azpimarratu nahiko nuke Nafarroak, hiru urte eta gero, aurrekontuak izango dituela 2016an», aipatu du.
2016ko erronkak
Lehentasunen artean, krisiari eman beharreko erantzuna dago. Baikortasunetik urrun, Barkosek azaldu du amaitzear den urtea «gogorra» izan dela eta hurrengo urteak ere ezaugarri bera izango duela. «Hala ere Nafarroako ekonomiaren sendotasunak konfiantza ematen dit, baita industria sareak ere». Krisiaren danbatekoei eutsi arren, industria sendotzea izango du helburuetako bat gobernuak, «unibertsitateen eta ikertzaileen ahalmenaren bidez».
Beste helburua enplegua sortzea izango da. «Nafarroak suspertzearen bidetik joko duela konbentzituta nago, baina horretarako beharrezkoa da denok elkarrekin aurrera egitea, inor atzean utzi gabe». Egungo pobrezia adierazleak «onartezinak» direla deritzo eta gizarte kohesioa jarri du gobernuaren erronken artean.
Beste lehentasuna autogobernua izango da. «Ezin dugu ahaztu urte hau gakoa izango dela estatuarekin gure harremanak finkatzeko». Ikusteko dago zer gobernu osatzen den Espainian eta zer nolako jarrera hartzen duen Nafarroarekiko. Etor daitekeenaren aurrean, bere jarrera zein izango den aurreratu du. «Gaur eta hemen adierazi nahi dut nire konpromisoa autogobernua tinko defenditzeko, sinesten baitut zenbat eta autogobernu handiago izan orduan eta ongizate eta aberastasun handiagoa izango dugula, baina baita erantzukizun handiagoa ere». Elkarbizitzaren aldeko mezuarekin amaitu du.
Bizikidetzan sakontzeko asmoa ere agertu du. Hala, "lehia antzuak alde batera uzteko" eskatu du, eta ahalik eta elkargune zabalenak bilatzea nahiko luke "gure gizarterako funtsezko zutabeak diren gaietan".