Urte politikoari hasiera eman dio Geroa Baik Iruñean eginiko ekitaldi batean, eta han zehaztu dute 2015eko maiatzeko foru hauteskundeetan alderdiaren zerrendaburua aukeratzeko prozedura. Hautagaitzak aurkezteko epea astelehenean zabalduko dute 09:00etan, eta Geroa Bai osatzen duten eragileren batek —EAJ, Atarrabia Taldea, Zabaltzen edo atxikitako taldea— edo, gutxienez, alderdiko hamabost kidek proposatu behar dituzte hautagaiak.
Hilaren 19ra arte izango da epe hori zabalik, eta herriguneetan boto gehien jaso duen hautagaia izango da zerrendaburua. Iruñeko Udalerako, berriz, irailaren 8tik 22rakoa izango da epea, eta eragileetako batek edo, gutxienez, hamar alderdikidek proposatu behar dute hautagaia.
Ekitaldian hartu du parte Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak, eta esan du hasi dela "Nafarroa herritarrentzat berreskuratzeko atzerako kontua" hasi dela. Haren ustez, Nafarroak "bere autogobernuari eusteko behar gorria" du, eta UPNren gobernua eraisteko "bidelagunak" bilatzearen alde agertu da.