Nafarroa orain hiru urte baino lurralde "aberatsagoa, kohesionatuagoa, solidarioagoa, pluralagoa eta lehiakorragoa" dela ziurtatu du Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, Nafarroako Parlamentuan, politika orokorraren eztabaida hasteko egin duen hitzaldian. Legealdi honetako azken urtea aurretik duela —2019ko maiatzaren 26an izango dira udal eta foru hauteskundeak—, Barkosek nabarmendu du laukoak sostengatzen duen gobernuaren agintaldia "oparoa eta positiboa" izaten ari dela "Nafarroako gizarte osoarentzat".
Barkosen esanetan, Nafarroako gizarteak "politika egiteko beste modu bat" eskatu zuen 2015ean, eta gobernuak eskari horri erantzutea lortu duela adierazi du. "Norabidea duen aldaketa da, anbizioduna, eskuzabala eta oso landua; pertsonei begirako aldaketa izan da".
Politika ekonomikoa eredu
Barkosek Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoa jarri du aldaketa "oparo eta positibo" horren adibide. Presidenteak nabarmendu du azken hiru urteetan nabarmen egin duela behera langabeziak. Haren esanetan, 2018ko irailaren amaieran 9.796 pertsona gutxiago zeuden langabezian, 2015eko ekainaren amaierako datuekin alderatuta.
Nafarroako BPGak ere hobekuntza izan duela gaineratu du. BGPa %12 hazi da azken hiru urteetan.
Alor ekonomikoaz gain, gizarte politikak izan ditu hizpide Barkosek, gobernuaren lanaren adierazgarri. Presidentearen arabera, "nafar gutxiago daude osasun publikoan txanda baten zain". Zehaztu du lehen kontsulta baten zain daudenak 18.173 gutxiago direla duela hiru urte baino, eta operazio baten zain daudenak, berriz, 1.078 gutxiago.
Errenta Bermatuaren hedatzea ere nabarmendu du. "Nafarroak diru sarrera bat bermatzen die pertsona guztiei: 3.000 familia gehiagok jasotzen dute gaur Errenta Bermatua, eta 2018an 7.798 adin txikiko zeuden babestuta laguntza horrekin".
Ekonomia arloari eman dio garrantzia Geroa Baiko Koldo Martinezek ere: "Argi dago oposizioak saldu nahi izan duen apokalipsia, sinpleki, ez dela existitzen". Zerga erreforma eta Konbenioaren inguruko negoziazio "arrakastatsua" jarri ditu adibide modura, beste adierazle ekonomiko batzuekin batera.
EH Bildu: "Bide onean goaz"
Oraindik egiteko asko duen arren, aldaketak "merezi" izan duela nabarmendu du EH Bilduren bozeramaile Adolfo Araizek: "Bide onean goaz, norabidea zuzena da". Gobernuak "ausardia gehiagoz" joka zezakeen arren, garrantzia eman die egindako urratsei. Proiekturik ez izatea egotzi dio UPNri, eta PSNkoen buruz esan du ez direla "fidatzekoak". "Batzuetan boterearekin amesten duzue, baina erregimenaren taupaden erritmoan segitzen duzue".
"Gutxi batzuentzako" gobernua, oposizioaren arabera
PSNko Maria Txibitek, aldiz, balantze "gazi-gozoa" egin du. Ekonomian Nafarroak "hobera" egin duela onartu du, baina kritikatu du gobernuak "aukera galdu" duela: "Oparotasun ekonomiko horrek zenbait politika sozial hobetzea ahabidetu du, baina krisiaren zikloan izandako murrizketa batzuk konpontzera mugatu dira". Oposizioarekin elkarrizketarik ez sustatzea leporatu dio Barkosen gobernuari, eta hauteskundeak gogoan, "ezkerreko gobernu plural eta aurrerakoi bat" osatzeko eskaintza egin die Ahal Dugu eta Ezkerrari. "Bozen ondoren ez da gehiengo absoluturik egongo, eta akordioak lortu beharko dira”".
Antzeko bidetik jo dute UPNk eta PPk ere. Javier Esparzaren (UPN) hitzetan, Barkos ez da izan "nafar guztien lehendakaria". "Beraiek bezala pentsatzen ez dutenak gutxietsi eta iraintzen dituzte". Ana Beltranen (PP) arabera, "gutxi batzuentzat" gobernatu du laukoak: "Hiru urte nahikoa izan dira nafar gehienok beldurra har diezaiegun, ez baitute geuretzat gobernatzen".
Politika orokorreko eztabaidaren berri eman du da Joxerra Senar BERRIAko kazetariak.