Politika

Barkosek bere gain hartu du Nafarroan "aldaketa sendotzeko" erronka

Geroa Baik hurrengo foru hauteskundeetarako presidentegai gisa aurkeztu du. Nafarroako presidentea Espainiako presidente Pedro Sanchezekin bilduko da urriaren 31n, 113 milioiren inbertsioez hitz egiteko.

Uxue Barkos Nafarroak presidentea, gaur, Geroa Bairen ekitaldian. @GEROABAI
2018ko urriaren 7a
10:16
Entzun

"Aldaketak erreferente izaten jarraitu behar du, eta errotu egin behar da", adierazi du Uxue Barkos Nafarroako presidenteak. Eta gaineratu du horretarako ezinbestekoa izango dela elkarlana. Barkos hurrengo foru hauteskundeetarako presidentegai gisa aurkeztu du, gaur, Geroa Baik. Barkosekin batera, Itziar Gomez Iruñeko zinegotzia aurkeztu dute hiribururako alkategai.

Barkosek hitzeman du Nafarroan aldaketa sendotzeko ardurari helduko diola. "Aldaketa irabaziko dugu etorkizuna eraikitzeko, eta, oraingoan bai, aldaketa sendotuko den uste osoarekin". Bideo horretan, ziurtatu du argi duela Geroa Baik zein irizpide beteko dituen: "elkartasuna, konbentzimendua eta eraginkortasuna".

Barkosen esanetan, Nafarroa gobernatzeko "beste modu bat" bultzatu du Geroa Baik. "Ados ez geunden proiektuetan amore ematen batzuetan", baina "egiteko moduei sen ona ezarriz". Hori "kapital politiko garrantzitsua" dela nabarmendu du.

Sanchezekin bilera

Nafarroako Gobernuak iazko superabitaren zati bat inbertsioetara bideratzeko aukera izango duen ala ez oraindik argitu gabe duen honetan —Iruñeak Espainiako Gobernuaren baimena behar du, eta hark ez du halakorik eman oraindik—, Barkosek jakinarazi du Pedro Sanchezekin bilduko dela hilaren 31n. Barkosek azaldu du inbertsio horiez mintzatuko direla. "Inbertsio finantzarioki jasangarriei buruz hitz egingo dugu, eta LORAFNAk eskuduntzen arloan ezartzen duena betetzeko azeleragailua sakatzeari buruz".

Maria Txibite PSNko buruak joan den asteazkenean adierazi zuen Madrilek ez zuela baimenduko 113 milioi inbertsioetara bideratzea, Nafarroako Gobernuak lana "gaizki" egin duelako. Handik bi egunera, 113 milioiren inbertsioen legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-Orain Bai-ren eta Ezkerraren babesarekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.