Barkosek EAE-ANVren bozak beharko lituzke alkate izateko

Yolanda Barcinak ez du berretsi gehiengoa, nahiz eta hauteskundeak irabazi dituen

Alberto Barandiaran.
2007ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Yolanda Barcinak galdu egin du Iruñeko udalbatzan zuen gehiengo nagusia, baina Nafarroa Baik PSNko eta EAE-ANVko hautetsien laguntza beharko luke alkatetza lortzeko. CDN eta IU-NEB, berriz, zinegotzirik gabe geratu dira. Hau da atzoko hauteskunde emaitzak Iruñean utzi zuten argazkia. UPNk berretsi egin zituen bere emaitzak, baina bere gobernukiderik gabe, Juan Cruz Alliren CDN gabe, zaila izango du alkatetza berriro Yolanda Barcinari ematea.

Nafarroa Bai bigarren indarra bilakatu da Iruñeko udalbatzan, baina atzoko sorpresa handiena beharbada, IUN/NEBk eman zuen,hiru zinegotziak galdu egin zituelako. Aurreko hauteskundeetan baino 6.000 boto gutxiago eskuratu zituen Idoia Saralegik.

PSN izan zen beste galtzaileetako bat. Javier Torrensen hautagaitzak lau eserleku lortu zituen, aurteko hauteskundeetan baino bat gutxiago, eta zinegotziek noren alde egin erabaki beharko dute orain. Presioak atzo bertan hasi ziren. Yolanda Barcinak azpimarratu zuen ez zuela Torrensen hitzazalantzan jarri nahi, eta gogoratu zuen hauteskunde eztabaida batean EAE-ANVrekin batera ez zuela bozkatuko esan zuela. Horregatik, ia ziurtzat jo zuen berriro Iruñeko alkatea izango dela.

Barkos, ordea, harroagertu zen datuekin, eta aurreko udalbatzarekiko bozak bikoiztu egin dituztela gogoratu eta datuok aldaketarako gogo nabaria erakusten zutela esan zuen. «Aldaketa lideratzeko prest» zegoela nabarmendu zuen Nafarroa Baiko zaleen aurrean. «Borroka emateko prest gaude. Baina ez dugu azkar jokatuko, eta ez dugu inolako triunfalismorik erakutsiko».



ZALANTZA AZKEN UNERA ARTE.UPNk eta CDNk gehiengo nagusia lortuko ote zuten, hori izan zen zalantza nagusia gau osoan zehar.Datuak ezagutu ahala, gero eta garbiago geratu zen hautetsi bakar batengatik erabakiko zela auzia, CDNren datuak oso txarrak zirelako, eta UPN 14 edo 13 hautetsiekin agertzen zelako, aldiro aldiro. Yolanda Barcinaren alderdiak galdu egiten zuena, Uxue Barkosen koalizioak hartzen zuen. Azpimarratzekoa zen, era berean, EAE-ANVk eserleku bakarra zuela hasieran, baina bozen erdiak zenbatuta, bigarren aulkia lortu zuen Marine Pueyoren alderdiak.

Zalantzak azken unera arte iraun zuen. Bozen %76 zenbatuta, azkenean udalbatzak izango duen koloreen banaketa erakusten zuen zerrendak, baina, azken zenbaketekin UPNk zinegotzi bat gutxiago zeukan, eta PSNk bat gehiago. Datu horiekin, NaBai eta PSNren arteko akordioak gehiengo osoa ematen zion Uxue Barkosi. Azken botoek, hala ere, UPNren alde egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.