Uxue Barkos Nafarroako presidenteak parlamentuko gaurko osok bilkura probestu nahi du Itun Ekonomikoari buruz talde guztien erantzun bateratua lortzeko. Azken egunetan, Espainiako hainbat agintari politikok EAEko Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Itun Ekonomikoa "pribilegiotzat" jo ostean.
Barkosek uste du lortuko dutela "itunaren defentsarako diskurtso bateratua". Horretarako, Gobernuak lehen pausa eman du bilerak deituz. Baina presidenteak azaldu du ez duela ezer inposatuko. "Proposamen guztiak joan etorrikoak izango dira. Gobernuak elkarrizketak hasiko ditu eta batasunerako deia egin du, eta uste dut horrela izango dela".
Presidenteak gogoratu du Espainian aurrekanpaina betean daudela, eta finantziazioa eztabaidagai garrantzitsua izango dela. "Itunaren aurkako erasoak benetakoak direla usteko arrazoiak ditugu. Horregatik, oso garrantzitsua da Itunaren defentsarako elkarlana martxan jartzea".
Nafarroak Espainiari egiten dion ekarpena 2008an 490 milioi eurokoa zen, eta krisiaren gainetik, gaur egun 590 milioi eurokoa dela nabarmendu du Barkosek. Hau da, Nafarroako aurrekontuen %18.
Azken asteetan, Ciudadanos alderdia argi azaldu da EAE eta Nafarroako finantzazio sistema horien aurka eta PSOEren agintari garrantzitu batzuk, tartean Pedro Sanchez idazkari nagusia, horiek berriz aztertzearen alde azaldu dira. Espainiako Ogasun Ministerioak, berriz, txosten bat egin ei du, beste erkidego autonomoen iritziak kontuan hartuta. Aurreko astean aurretatu zutenez, hainbat erkidego autonomok ez dituzte begi onez ikusten EAE eta Nafarroako finantziazio ereduak.
Barkosentzat "oso kezkagarria" da Espainiako Ogasun Ministerioak txosten bat osatu izana Madrilgo gobernuak "bideratutako" argudioekin. Egoera hori oso larritzatz jo du, eta gaineratu du Nafarroak ez duela onartuko haren "oinarrizko tresna baten aurkako erasorik".
Era berean, Nafarroako Gobernuak harremanak hasi ditu Eusko Jaurlaritzarekin, bi erkidegoen akordio ekonomikoen defentsa bateratua prestatzeko.
Erreakzioak
Barkosen deiari erantzunez, Javier Esparza UPNren bozeramaileak esan du ez dela haren hitzekin fidatzen eta itun ekonomikoa erabakitzeko eskubidarekin eta beste erkidego batzuetako "ikurrekin" nahastea leporatu dio.
EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, gertatzen ari denak agerian uzten du Nafarroak behar duela erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko tresna.
PSNko Maria Chivitek, berriz, adierazi du berak “berdin” defendatzen dituela “Espainiaren aniztasuna” eta “Nafarroaren berezitasuna”. "Beti defendatu dugu Ituna, eta hala jarraituko dugu. Konstituzioak onartzen duen eskubidea da", azpimarratu du.
Ahal Duguko Laura Perezek "autogobernua indartzeko" nahia agertu du, horrek "demokrazian sakontzen” laguntzen duelako