Atzo arratsaldean Nafarroa Baiko independente talde batek aztergai izan zuen EAJk eta Eusko Alkartasunak koalizio barruko egoera eta antolamenduko hainbat kontu aldatzea -besteak beste, foru hauteskundeetarako hautagaia adostua izateari buruz hitz egin zuten-. Aralar ez zen joan horregatik. Bilera horren ondotik, Independente talde zabal baten izenean, Uxue Barkosek azpimarratu zuen Aralarrekin eta EAJrekin bat egiten dutela, eta ezker abertzaleari NaBai «dinamitatu» nahi izatea egotzi zion. «Uko egiten diogu NaBai haustearen alde dagoena koalizioaren barnean egoteari hauteskundeetara begira». Barkosek gaineratu zuen NaBaiko programaren hainbat puntu ez dituela oraindik onartu ezker abertzaleak.
Ezker abertzaleak EAri eta Aralarri egindako proposamenaren itzala gainean zuela eta goizean Txentxo Jimenezek egindako kritikek hautsak harrotu ondotik, beste behin NaBai giro nahasiaren erdian eta komunikabideen fokuen pean dago. Atzo goizean, Jimenezek azaldu zuen arratsaldeko bilera horretan ez zela egongo, eta batez ere kritiko azaldu zen presidentegaiaren auzia mahaigaineratu nahi delako; izan ere, akordioen arabera, Aralarri dagokio hautagaiaren izendapena -Aralarreko militanteek Patxi Zabaleta berretsi dute hautagai gisa-.
«Erortzen ari den guztiarekin, abiapuntutik hastea proposatzen duten foroak irekitzeak Nafarroa Bairi ez dio inongo mesederik egiten», adierazi zuen Txentxo Jimenezek goizean. Komunikabide batek kaleratu zuen EAk Barkosen hautagaitzaren alde egingo zuela bileran, eta Aralarrek ohartarazi zuen hori egiaztatuko balitz «EA NaBaiko akordioetatik kanpo» geratuko litzatekeela.
EAk nahiago izan zuen atzo adierazpen ofizialik ez egin. Duela aste batzuk, NaBaiko alderdi bakoitzari lau puntuko eskaera egin zieten independenteek. Batetik, Batzarre koalizioan jarraitzearen alde zeuden; alderdiei NaBairen aldeko konpromisoa berrestea eskatu zitzaien; independenteek barne antolamenduan egitura bat izatea proposatu zitzaien, eta Uxue Barkos hautagai izateko aukera jarri zen mahai gainean. EAk eta EAJk ontzat jo zuten egitura bat izatea independenteek. EAko iturriek azaldu dute, berriz, jarrera irekia dutela Barkosen hautagaitzari buruz, eta hitz egiteko borondatea agertu dutela. «Besterik ez».
Proposamenak alderdiei
Testuinguru horretan, garatuzen bilera. Hautagai gisa bere izena agertu izana atsegin duela onartu zuen Barkosek, baina argi utzi zuen independenteek ez dutela inor aukeratuko: «Proiektuak aukeratu behar luke». Alderdi bakar bat izan ordez, proposamen bateratu bat izatearen alde egin zuen. Era berean, independente taldeak «ekarpenak positiboan» helarazi nahi izan dizkie EAJri eta EAri, «hauteskundeetara garaiz eta forman» iritsi ahal izateko. Proposamen horiek Aralarri ere helaraziko dizkiotela erantsi zuen Uxue Barkosek.
Barkosek NaBai «dinamitatu» nahi izatea egotzi dio ezker abertzaleari
Independente talde baten izenean azaldu du hautagaitza bateratu bat proposatu beharko lukeela koalizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu