Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak azalpenak eman ditu gaur eguerdian, Diario de Navarra egunkariak argitaratu ostean Barkosek diru laguntzak eskatu zituela Euskalerria Irratiko akziodun izanik. Azaldu duenez, 1.200 euroren akzioak erosi zituen, "irabazirik gabe". Kazeta horrek argitaratutakoaren arabera, Administrazio Prozeduraren Espainiako Legeko 28. artikuluak dio administrazioetako ordezkariek abstenitu egin behar dutela "interes pertsonala" duten bozketetan. Barkosek argudiatu du berak ez duela interes pertsonalik Euskalerria Irratian, enpresak ez baitu mozkinik ematen.
Oroitarazi duenez, 1984an sortu zenetik ez du mozkinik banatu irratiak. Are, azken bi urteetan 21.000 eta 19.000 euroren galerak izan dituela nabarmendu du eta, beraz, defizitarioa dela. Legearen arabera jokatu duela azaldu du Barkosek, eta erantsi du Euskalerria Irratiaren aldeko zuzenketak aurkezten jarraituko duela.
Haren eta Geroa Bairen aurkako erasotzat jo du Barkosek Diario de Navarra-ren informazioa. Oroitarazi du bere gaixotasuna hauteskunde kanpainan erabiltzea egotzi ziotela; "politikan ez du denak balio", erantzun du.
2012an erosiak
2012an erosi zituen akzioak Uxue Barkosek. Hori jakinarazi gabe diru laguntzak eskatzea leporatu dio Diario de Navarra egunkariak Geroa Bai-ko diputatuari. Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandak Euskadi Irratian azpimarratu duenez, ordea, gauza bat da teknikoki zer egin behar zuen eta bestea moralki zer egin duen; Barkosek dirua eman egin zuen, eta horregatik bere kasua ez da inondik inora CAN auziarekin konparatzeko modukoa. Nabarmendu du Barcinak eta CANeko Batzorde Iraunkorrean zeudenek dirua jaso egiten zutela, Barkosek ez bezala.
Euskalerria Irratia Iruñeko Komunikabideak enpresarena da, eta iaz kapitala handitu zuenean erosi zituen akzioak Barkosek. Patxi Zabaleta Aralar-NaBai-ko parlamentariari behin baino gehiagotan aurpegiratu dio UPNk Nafarroako Parlamentuan Euskalerria Irratiaren alde egitea, sortzaileetako bat izanik; Zabaletak garbi adierazi zuen orduko horretan bere nahia irratiarentzat dirua ematea dela, eta akzio horiek dirua ematen duten egunean enpresari oparitzeko prest dagoela.