Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Barne eta Berrikuntza sailetan eginiko lanarekin harro azaldu dira sozialistak

Bi arlo horietan Eusko Jaurlaritzarekin lorturiko «sinergiak» nabarmendu ditu Eduardo Madinak

Odon Elorza, Cristina Garmendia eta Eduardo Madina, atzo Donostian eginiko agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapateroren bi agintaldietako «lorpenak» nabarmentzeko asmoarekin, haren gobernuko ministro bat gonbidatu zuten atzo PSE-EEko kideek: Cristina Garmendia Espainiako Gobernuko Berrikuntza eta Zientzietako jarduneko ministroa Donostian izan zen, bere jaioterrian, sozialistek antolatutako «gosari informatibo» batean. Azken bi urteetan haren ministerioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eginiko inbertsioen zifrak eman zituen, eta Europako «puntako» herrialdeak izatera iritsi direla nabarmendu zuen. Lorpen hori Espainiako Gobernuaren «ahaleginaren» eta euskal instituzioekin batera eginiko lanaren emaitza dela adierazi zuen.

Garmendiarekin batera, ekitaldian parte hartu zuten Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak eta Eduardo Madina PSOEren talde parlamentarioko buru eta Bizkaiko hautagaiak. Madinak nabarmendu zuenez, Espainiako Gobernuaren «gai giltzarriak» izan dira Barne Saila eta Berrikuntza. Bi arlo horietan Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzarekin lorturiko «sinergiak» azpimarratu zituen.

Atzo, berrikuntzari buruz hitz egitea egokitu zitzaion Bizkaiko zerrendaburuari, baina ez zuen aukera galdu Zapaterok eta Lopezek «ETAren aurkako borrokan» eginiko lana nabarmentzeko. «Garaipena guztiona bada ere, pertsona batzuek gehiago egin dute beste batzuek baino».

Krisi ekonomikoari dagokionez, Madinak adierazi zuen «ezagutzaren ekonomian» inbertitzea ezinbestekoa dela «produktibitatea, aberastasuna eta lana» sortzeko. Halaber, gaitzetsi egin zuen Mariano Raxoi PPko hautagaiak Alfredo Perez Rubalcaba sozialistarekin herenegun izandako eztabaidan gaia aipatu ez izana.

Garmendia zehatzagoa izan zen bere azalpenetan. Hala ere, hark ere izan zituen Raxoiren aurkako hitzak. «Urduritzen nau PPren programak ezagutzaren ekonomiari buruzko aipamenik ez egiteak», esan zuen. Era berean, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko «B planik» ez edukitzea eta «karta guztiak» enplegua sortzera mugatzera leporatu zion. «Nazioarteko fluktuazioen mende uzten gaitu horrek, eta ziurtasun ezak Espainiaren hazkunde ekonomikoan eragina izan dezake».Garmendiaren arabera, horrek zerbitzu publikoak pribatizatzera eramango du Raxoi.

Kritiken ostean, Zapateroren gobernuak berrikuntzaren arloan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eginiko inbertsioak azaldu zituen Garmendiak. Hala, 2010ean 418 milioi euro (ministerioaren aurrekontuaren %10) hiru herrialde horietarako izan zirela azaldu zuen. 2011ri dagokionez, diru laguntzen %19,4 (500 milioi inguru) euskal enpresetarako direla adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.