Barne kontsumoak tira egin dio EAEko ekonomiari

2014ko azaroaren 14a
12:42
Entzun

Joan den astean aurreratutako datua berretsi du gaur Eustatek. Haren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia %0,4 hazi da 2014ko bigarren hiruhilekotik hirugarrengora. Lehengotik bigarrenera izandako hazkunde tasa bera da. Urte artekoan, ordea, jauzia izan da, %0,9tik %1,4ra.   

Gaur zehaztu duenez, familien kontsumoa (%0,6) eta inbertsioa (%0,8) izan dira ekonomiaren motor nagusiak. Gastu publikoak beherantz jarraitzen du (-%1,3). Eurogunearen egoera ekonomiko ahulak eta nazioarteko egoerak moteldu egin du esportazioen hazkundea: %6,4 hazi beharrean, %1,9 hazten da. Inportazioen hazkundea ere moteldu da.

Sektoreei erreparatuz gero, behera egin du nekazaritza eta arrantzak (-%3,3) eta eraikuntzak (-%0,5), eta gora, aldiz, industriak (%0,9) eta zerbitzuek (%0,4).

Gipuzkoako ekonomia da hiruren artean sendoena: %0,5 hazi da azken hiruhilekoan, eta %1,4 azken urtean. Arabakoa %0,4 eta %1,1 hazi da, eta Bizkaikoa, berriz, %0,4 eta %1,2. 

Enpresa handi batzuk ixtear dauden arren (Bergarako Candy eta Gasteizko General Cable), enpresa berrien sorrera bizkortzen ari dela dio Confebaskek. Haren arabera, urrian 115 enpresa berri sortu dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 57.847 daude, urtarrilean baino 883 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.