Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan du Guardia Zibilak dituen "txosten konfidentzialen" arabera ETA ez dela desegingo. "ETAk uste du bere helburuetarako baliagarriagoa zaiola klandestinitatean duen azpiegitura ahuldu horri eustea. Gaur-gaurkoz badakigu ez dagoela prest baldintzarik gabe desegiteko", adierazi du ministroak gaur Bartzelonan, hedabideekin izandako gosari batean.
Aurretik, Ser Espainiako irrati kateak zabaldu du Guardia Zibilak ustezko informazio hori duela ETAri buruz.
Fernandez Diazen iritzian, polizia indarren lanaren ondorioz "onean edo txarrean" desegin egingo da ETA. "Polizialki garaituta dago. Geratzen zaion bakarra baldintzarik gabe desegitea da. Ezker abertzalea terrorismoaren kontrako batasun demokratikora batuko balitz, gehiago aurreratuko genuke".
Barne ministroak berriro adierazi du ezker abertzaleak oraindik ez duela ETAren atentaturik gaitzetsi, eta "demokratikoa izateko eta sinesgarritasuna edukitzeko oraindik asko falta" zaiola.