Euskal Presoak

Barne ministroak kartzela politikaz hitz egiteko berehalako agerraldia eskatuko du Amaiurrek

Koalizioak adierazi du euskal presoen eskubideak betetzea ezin dela inolako baldintzen menpe egon.

Inigo Astiz
2013ko urtarrilaren 18a
12:11
Entzun

Urtarrilaren 12an Herrira plataformak Bilbon antolatutako manifestazioaren irakurketa positiboa egin du Amaiurrek gaur Iruñean. Sabino Cuadra eta Xabier Mikel Errekondo diputatuek zoriondu egin dituzte antolatzaileak eta bertan izan zirenak. “Erraldoia izan zen”. Haien ustez, deialdiak izandako arrakastak erakutsi du euskal gizartearen gehiengoak bat egiten duela euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenarekin. Eta koalizioko kideen hitzetan, “argia” da eskaera: euskal presoak Euskal Herriratzea, zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoen aske gelditzea, eta gaixotasun sendaezinak dituztenak libre uztea. “Mendekuan, gorrotoan, herran eta zentzugabekerian” oinarritutako espetxe politika atzean uzteko galdegin diote horregatik PPri.

Azalpenak ere nahi dituzte, eta Jorge Fernandez Barne Ministroaren berehalako agerraldia eskatuko dute Espainiako Parlamentuan. Espainiako Gobernuak kartzela politikan eman beharreko pausuak zein diren galdetuko diote ministroari. Koalizioaren hitzetan, “iraganeko ohiturak” atzean utzi, eta errealitateari heldu behar lioke Mariano Raxoik gidatutako exekutiboak. Azaldu dutenez, gero eta gehiago dira Euskal Herrian bakea lantzeko politiketan aldaketak eskatzen dituztenak; “Baita PP barruan ere”.

Elkarrizketarako eskua luzatua du koalizioak Cuadra eta Errekondoren hitzetan. Espetxe politikari buruzko eztabaida Espainiako Kongresura eramateko borondate irmoa dutela diote, eta legealdi osoan gaia “oso presente” egongo dela.  “Eztabaida egin egingo da, gorrotoan oinarritutako politikak egiten dituztenen gainetik”, adirazi dute.

Manifestazioan izan ez zirenei kritika

Bakearen aldeko oihua izan zen larunbateako manifestaziokoa, Amaiurren iritziko, eta bertan izan ez ziren alderdiak kritikatu dituzte, izenik eman gabe. “Ez dugu ulertzen manifestazioan aldarrikatu zenarekin ustez ados egon eta manifestazioarekin bat egin ez zuten indar politikoen jarrera”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.