politika

Barne ministroak ohartarazi du ETA desagertu arte ez dela izango "espetxe onurarik"

Aresek esan dio "kartzela politika malguagoa" behar dela, baina ez du eman zehaztasunik. Jaurlaritzako sailburuak eta Espainiako Barne ministroak bien arteko lehen batzarra egin dute, Leioan. Aitortu dute bizkartzainen zerbitzua "egokitzen" joan beharra dutela. Fernandez Diazek esan du atzo ez zuela 'estortsio' hitza aipatu, eta gutunak euskal presoentzako laguntza jasotzeko zirela.

2012ko urtarrilaren 24a
16:54
Entzun

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak eguerdian berretsi du "egoera berri hau kontuan hartuta espetxe politika dinamikoagoa eta malguagoa" beharko litzatekeela esan diola Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroari, baina aitortu du ez direla zehaztasunetan sartu. Ministroak ez dio jaramonik egin haren eskaerari. Izan ere, esan du ETAk desagertu egin behar duela "araudian dauden espetxe onurak" egoteko. Ministroaren arabera, ETAk berak eragozten die neurri horiek eskatzea presoei.

EPPK-ko kideek duela aste batzuetatik Euskal Herriratzea eskatua dute, banan-banan egindako idatzietan, eta, besteak beste, larri gaixorik dauden presoak askatzea ere galdegin dute.

Aresek eta Fernandez Diazek gaur egin dute bien arteko lehen bilera, Leioan. 11:00etan hasi dute batzarra, Artaza jauregian. Aresekin batera, Miguel Buen Herrizaingo sailburuordea eta Jose Antonio Varela Ertzaintzako zuzendaria izan dira, eta Fernandez Diazekin, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria, Ignacio Ulloa Segurtasunerako estatu idazkaria, Ignacio Cosido Espainiako Poliziako zuzendaria eta Arsenio Fernandez de Mesa Guardia Zibilekoa.

Bizkartzainen erretiroaren koordinazioaz ere aritu dira, eta aitortu dute zerbitzua "egokitzen" joan beharra dutela. Horrez gain, lankidetza protokolo bat sinatu dute "terrorismoaren" biktimentzako Memoria Zentro bat sortzeko EAEn.

Barne ministroa arratsaldean Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearekin bilduko da.

Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak otsailean Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria hartuko du.

Barne ministroak dio ez zuela 'estortsio' hitza aipatu

Fernandez Diaz ministroak azaldu du berak atzo ez zuela esan Euskal Herriko saltoki batzuetan ETAren "estortsio" gutunak jaso zituztenik Gabonetan, ez zuela estortsio hitza aipatu, eta azaldu du eskutitz horiek euskal presoentzako laguntza jasotzeko zirela.

ETAk joan den urriaren 20an jakinarazi zuen betiko utzi duela borroka armatua, eta hilabete batzuk lehenago iragarri zuen iraultza zerga bukatu zuela.

Aresek gaur adierazi du ETAren indarkeria adierazpide oro –diru eskaera barne— bukatuta dagoela frogatuta dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.